Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Legarre, Arrate Bide eta Legarre Gain kaleetako trafikoak beheranzko noranzkoa izango du

2015/11/06

Azken aste honetan Legarre auzoan egindako kontsultaren ostean, parte hartu duten bizilagunen % 72,8k inkestako lehenengo aukeraren alde egin du. Aukera horretan, aipatutako kaleetan trafikoaren antolaketa berria zehazteko aukera zegoen. Eibarko Udalak antolatutako prozesu horretan bizilagunen parte-hartzea % 37,56koa izan da; hau da, banatu ziren 607 inkestetatik, 228 bete dira. Boto gehien izan dituen aukeraren inguruan jasotako iradokizun guztiak aztertuko ditu Udalak, betiere, proiektuaren ezaugarriekiko bideragarriak eta osagarriak baldin badira.

Eibarko Udalak aurreko astean Legarre auzoko bizilagunen artean egindako inkestaren emaitzak jaso ditu. Galdeketa horretan, auzoan trafikoaren antolaketa berriari buruzko aukera guztien artean bizilagunen lehentasunak ezagutu nahi izan ziren.

Hala, egindako kontsultaren emaitzak kontuan izanda, Legarre, Arrate Bide eta Legarre Gain kaleetan trafikoak beheranzko noranzkoa izango duela ondorioztatu da. Kontsultan parte duten bizilagunen % 72,8k inkestako lehen aukera hautatu dute, alegia, jasotako 228 botoetatik, 166 pertsonak lehenengo aukera horren alde egin dute.

Etxebizitzetan banatutako gutunarekin batera zetorren dokumentazioan zehazten zen moduan, boto gehien izan dituen aukerak honako berezitasun hauek batzen ditu: Saihesbidetik sarbidea, Donostia-Bilbo norabidean eta alderantziz, Itziotik egingo da; Arrate Bide eta Legarreko zirkulazioak beheranzko noranzkoa izango du; Legarreko zirkulazioa, berriz, egun dagoen bezala geratuko da. Eibarko erdigunetik sartuta, Legarre Gain errepiderako sarbidea dagoen bezala mantenduko da. Halere, Legarre eta Arrate Bideko sarbideak aldatu egingo dira, eta, aurrerantzean, Legarre Gainetik sartu beharko da. Irteerari dagokionez, Donostiarako norabidean, nagusien egoitzetatik prestatuko da, eta saihesbidera zuzeneko sarbidea izango du; Bilboko norabidean, berriz, irteera biribilgune berritik egin ahal izango da, Torrekuatik.

Aukera horren inguruan jasotako iradokizun guztiak aztertuko ditu Eibarko Udalak, baldin eta proiektuaren ezaugarriekiko bideragarriak eta osagarriak badira.

Inkestan parte hartu duten bizilagunen % 15ek (35 botorekin) bigarren aukeraren alde egin dute. Aukera horretan, Legarre, Arrate Bide eta Legarre Gain kaleetan trafikoaren goranzko noranzkoan gidatzea proposatzen zen.

Hirugarren aukerak, non eta bakoitzari egokiago ikusten zuen iradokizuna egiteko abagunea ematen zitzaion, botoen % 9 jaso du; guztira 21. Bestalde, jaso ziren 6 boto baliogabeak dira, proposatu ziren aukera guztien artean bat bera ere ez hautatzeagatik, edota bat baino gehiago aukeratzeagatik.

Bizilagunen parte-hartzea % 37,56koa izan da; hau da, etxebizitzetan banatu ziren 607 inkestetatik, 228 bete eta entregatu egin dira.

Inkesta aurreko astean banatu zitzaien Legarreko bizilagunei Amañako Pasealekua modu ofizialean inauguratu eta gero. Inkesta horrek Legarre, Arrate Bide eta Legarre Gain kaleetan trafikoaren antolaketa berria adosteko eskaerari erantzuten dio. Bide batez, eskaera hori Legarre auzoko bizilagun batzuek egin dutela esan beharra dago. Gauzak horrela, Eibarko Udalak honako konpromiso hau sendotu nahi du hiritarrekin: gure hiriarentzat garrantzitsuenak diren erabakietan herritarren parte-hartzea izatea.