Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Langabetuentzako ikastaroa antolatu du Udalak, saltzaile moduan trebatzeko

2017/03/03

Tokien % 60 emakumeentzako da eta hartzaileak dira enpresa-administrazioa eta humanitateak ikasitakoak. Martxoaren 22ra arte izena eman daiteke Pegoran.

Eibarko Udalak eta Debegesak langabeentzako ikastaroa antolatu dute. Hartzaileak enpresa-administrazioa eta humanitateak (LH eta unibertsitatea) ikasi dituztenak izango dira, izan ere helburua da salmenta-prozesuak kudeatzen ikastea, baita enplegua bilatzeko gaitasuna garatzea ere.

Ikastaroaren izena da Saltzaile gaitasuna garatzen (Desarrollo de habilidades comerciales), eta tokien % 60 emakumeentzat gordeta dago. Arrazoia da Eibarko 215 bat emakume langabetu daudela aurreko lerroetan aipatutako profilarekin.

Ikastaroan izena emateko epea irekita dago martxoaren 22ra arte. Interesdunek Pegorara joan behar dute, bertan informazioa jaso eta eskabideak bideratzeko.

Ikastaroan honako esparruak landuko dira: saltzaile gaitasuna, IKTen erabilera salmentak kudeatzeko (sare sozialak eta marketing digitala) eta coaching programa bat. Eta hauek izango dira edukiak: salmenten kudeaketaren hastapenak, salmenta-plana, egungo enpresetan dauden salmenta-erronkak, saltzailearen gaitasunak, komunikazio-gaitasunak eta aurkezpen eraginkorrak.

Izena eman ahal izateko gutxieneko baldintzak bete behar dira: langabezian egotea, erdi-mailako edo goi-mailako lanbide heziketa edo unibertsitate ikasketak edukitzea enpresa-kudeaketan edo humanitateetan espezializatua, Eibarren erroldatuta egotea eta gazteleraz ondo moldatzea, ahoz zein idatziz.