Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kontsumo Arduratsuaren II. Azoka hartuko du Eibarrek ekainaren 3an anbulatorioko parkean

Kontsumo Arduratsuaren II. Azoka hartuko du Eibarrek ekainaren 3an anbulatorioko parkean

Egoaizia GKE eta Aldatzen elkarteko boluntarioak; Goiener eta 'Aza eta Porrua' elkarteko kideak eta Gizartekintza saileko zinegotzia.

2017/05/30

“Kontsumo arduratsua martxan jarri!” lemapean helburu bikoitza lortu nahi da: justizia soziala eta ingurumenaren zainketa oinarri dituen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea, baita herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea ere. Azoka anbulatorioko parkean izango da 11:00etatik 14:30era.

Kontsumo Arduratsuaren II. Azoka hartuko du Eibarrek datorren larunbatean, ekainak 3, anbulatorioko parkean, 11:00etatik 14:30era. 'Kontsumo arduratsua martxan jarri!' izenburupean aurkeztu dute ekimena gaur asteartea, maiatzak 30, Egoaizia GKE eta Aldatzen elkarteko boluntarioek, Gizartekintza zinegotzi den Idoya Sarasquetarekin, Goienerreko Erika Martinezekin, eta Aza eta Porrua elkarteko Leire Abanzabalegirekin batera. Ekimenak bi helburu ditu; alde batetik, justizia soziala eta ingurumenaren kontserbazioa oinarri dituen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea, eta, bestetik, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea.

Azokan bidezko merkataritzako eta tokian tokiko elikagai ekologikoen erakusketa eta salmenta egingo da. Ume zein helduentzako baratza tailerrak, saski zozketa eta musika afrikarra Sapali Percusión taldearekin eta bertsolariak izango dira.

Ekimena “Hezkuntza unibertsala, gure konpromezua Iparraldean eta Hegoaldean”, Egoaizia GGKE-k eta ALDATZEN-ek elkarlanean garatutako proiektuaren barnean txertatzen da. Proiektuak Eibarko Udalaren eta Aldatze ikastetxeko Guraso Elkartearen babesa dauka. Bestalde, ekimena antolatzeko parte hartu duten eragileak honako hauek izan dira: Setem, Kidenda, Fiare banka etikoa, Goiener Energia berriztagarriak, bidezko merkataritzako produktuak, Baskaran gaztak, Meabeko ogixa, Natural denda ekologikoa, Aza eta Porrua (Eibarko Kontsumo Ekologiko Taldea) eta Koopera.