Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kirol Patronatuaren web berria

2014/05/02

Eibarko Kirol Patronatuak hiritarrengandik gertuago jarri ditu bere zerbitzuak kirol praktika bultzatzeko. Webgune berriak, www.eibarkirola.com, informazio osoa eskaintzeaz gain, jarduera batzuetan inskripzioa etxetik bertatik egiteko aukera ematen du.

Klik bitan: horixe da  kirol edo jarduera jakin batzuetan izena emateko Eibarko Kirol Patronatuko instalazioak erabiltzen dituztenek edo kirola egiten hasi nahi dutenak egin behar duten gauza bakarra.  Horixe da Patronatuak martxan ipini duen webgune berriaren (www.eibarkirola.com) alderik onenetakoa. Begietatik sartzen den webgunea dugu, grafikoa, oso diseinu modernoa duena, operatiboa eta erraz erabiltzekoa.  Eta, aldi berean, bilakaera etengabea duen orrialdea da, hiritarrek egin ditzaketen iradokizunei irekia.

Izan ere horixe baita ekimen honen helburua: instalazio, jarduera eta zerbitzu guztiak islatzea, albiste bidez informazioa ematea eta instalazio guztiekin kontaktatzeko edo hartu emanean egoteko modua eskaintzea.  Hori dena zerbitzu horiek hiritarrengana hurbiltzearren, eskurago izan ditzan eta, azken finean, kirol praktika erraztu.  

Orrialde nagusiak sei gune ezberdinetara iristeko aukera ematen du. Lehenengo atalak, “Eibar kirol txartela", abonu txartelaren ezaugarriak eta horren alde onak azaltzen dira, dauden "txartel" mota guztiak, ematen dituen eskaintzak eta txartela eskatzeko modua. Bigarren atalak Patronatuaren instalazioak erakusten ditu (Ipurua eta Orbea kiroldegiak; Unbe kirolgunea eta Astelena frontoia), bakoitzaren ezaugarriak eta eskaintzen dituen zerbitzuak, irudiak, hartu emanean edo harremanetan jartzeko modua edo leku horietara iristeko modua.

“Jarduerak” atalean Patronatuak duen eskaintza osoa arloka eta instalazioka zehazten da; ordutegia eta izena emateko modua ahazteke. Orrialdeak bilatzaile bat du eta bilatu nahi diren jarduerak iragazteko aukera ere ematen du (uretakoak, areto barrukoak edo kirol instalazio bakoitzekoak). “Zerbitzuak” da beste ataletako bat. Hor, eskaintzen diren zerbitzu osagarriak ematen dira ezagutzera: kirol medikuntza, spa zirkuitoak, osasuna eta estetika, solariuma eta masajea, edo saunak. Bakoitza bere prezioarekin.

Webgune berria Kirol Patronatuarekin hartu emanean jartzeko esteka batekin osatzen da, posta bidez, telefono bidez edo posta elektronikoa erabilita.  Atal horretan bertan erabiltzaileak aukera du Patronatura zuzendu eta bide horiek erabilita, nahi dituen iradokizunak edo erreklamazioak egiteko. Informazioa ere eska dezake. Azkenik “Albisteak” atala ere badu. Hor, Kirol Patronatuaren jarduerarekin lotutako informazioak edo oharrak jasotzen dira.