Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Karmengo elizaren inguruari eta Urkizu ikastetxeari hiri-birmoldaketa integrala egingo zaie

2016/06/15

Espaloiak, hiri-altzariak eta jardinak berriztatuko dira, eta eraginkortasun energetiko handiagoko kale-argiak izango ditu. Elizako plazako horma ere eraberrituko da. Udalak lizitaziora atera du obra, 288.798,54 euroan (BEZa barne) eta 16 asteko egikaritze-epearekin.

Eibarko Udalak asmo handiko birmoldaketa eta hobekuntza jarduera bat egingo du aurten Karmen kaleko 1., 2., 3. eta 4. zenbakien arteko espaloietan. Horien ondoan Eibarko barrenaldeko bi eraikin garrantzitsu daude: Urkizu eskola publikoa (horretara 300 ikasle joaten dira egunero), eta Karmengo eliza (horretara ere jende dezente joaten da egunero). Han egitekoa den obra lizitaziora irten da, 288.798,54 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne), eta 16 asteko egikaritze-epearekin.

Proiektu honekin, Udalak hobetu nahi du ingurua, hainbat alderditan jardunez. Horretarako, zoladura berria jarriko da inguru guztian, baita elizaren aldeko horman ere, zuhaitzak eta hiri-altzariak aldatuko dira, kale-argi berriak jarriko dira, eraginkortasun energetiko handiagokoak, eta granito naturaleko lauzez estaliko dira hormak, elizaren inguruan. Gutxi gorabehera, 1.000 metro koadroko eremu batean egingo da obra.

Proiektuan aurreikusita dago, halaber, espaloitik bereizten duten barandak kentzea, inguruan aparkatzea errazteko, zati batean izan ezik, Urkizu ikastetxea babesteko 20 metroko tarte batean baranda mantenduko da eta. Gainera, elizaren plazan, eta euste-hormaren ondoko bankuak eta zuhaitzak kendu eta berri batzuk jarriko dira.

Gaur egun, espaloien zoladura nahiko hondatuta dago, denboraren poderioz. Areago, Karmen kaleko 1. zenbakiaren parean, espaloia guztiz altxatu dute inguruan dauden zuhaitzen erroek. Horregatik, espaloiak guztiz altxatu, eta berriak egingo dira.

Hiri-altxariak ere berriztatuko dira: paperontziak jarriko dira, banku berriak hainbat tokitan eta txorko berriak zuhaitz guztietan, eta mugarri kengarriak jarriko dira elizaren ateraino hil-autoak heldu daitezen egingo den pasabidean.

Jardinei dagokienez, bi zuhaitz landatuko dira elizaren aldean, eta beste lau kaleko 1. eta 3. zenbakien aldeko espaloian. Halaber, kale-argietako batzuk berriztatuko dira, eta LED argiak jarri dira. Jarduketa horiek aprobetxatuta, euri-urak biltzeko hodi berriak ere jarriko dira.

Jarduketa horiek gauzatu nahi dituzten enpresek uztailaren 5a arte daukate epea euren eskaintzak aurkezteko.