Kalean gimnasia egiteko makinak jarri dituzte Azitainen

2017/05/08
Aurreko astean bukatu zituzten lanak. 10 makina daude eta aurrekontua ia 9000 eurokoa izan da.

Ariketa fisikoa aire librean egiteko makina multzo berria jarri dute Azitainen, tren geltokitik gertu. Gunea LIDL saltokiaren atzealdean dago, pasabidea igaro eta ibaiaren beste aldean.

Jarri berri dituzten makinak orain dela hamar bat urte Amañako pasealekuan jarri zituztenen oso antzekoak dira. Jende askok erabiltzen du gune hura. Kaleko gimnasioen bitartez, Udalak erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, ariketa fisikoa aire librean egin dezaten, eroso eta dohainik.

Azitaingo kirol-makinak jartzeko lanak Industrias Agapito enpresak hartu ditu, eta Udalak 8.896 € aurrekontua adjudikatu zion horretarako. Hainbat leku aztertu ondoren, Azitain egokiena zela erabaki zuen Udalak, eta gainera, Udal Kirol Patronatuko teknikari baten laguntzarekin, makina aproposenak aukeratu zituen.

Aparatu bakoitza desberdina da, ariketa zehatz baterako diseinatua. Hauek dira: hanka-prentsa, arraunean egin eta dortsalak lantzekoa, pesak etzanda egiteko bankua, abdominalak egiteko bankua, lunbarrak lantzekoa, hankak flexionatu eta tenkatzekoa, oreka lantzeko platera, gerria lantzekoa, sorbalda-errotazioa lantzekoa eta bizikleta eliptikoa.

Aparatu hauek guztiak jartzeko erabakia PSE-EE, EAJ eta Irabazi alderdiek 2016ko aurrekontuetan lortutako hitzarmen baten harira etorri da.