Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jazinto Olabeko plazoleta: Udalak eta auzoko jendeak adostutako proiektua

2013/05/22

Adostu den proposamenak konponbide ederra emango dio zoladurari; umeendako jolasak eta argi berriak ere izango ditu. Obra horiek 260.000 euroko aurrekontua dute; irailean hasiko dira egiten eta hile bi iraungo dute.

 Jazinto Olabe plaza birmoldatzeko obrak irailean hasiko dira egiten eta hile biko exekuzio-epea izango dute; aurrekontua 260.000 eurokoa da eta haren diseinua auzoko jendeak udalarekin batera adostu duena da. Plazako lurraren zoruak izango duen zoladura zeharo berritzailea eta modernoa izango da.

 Orain dela hilabete batzuk hasi zen hiritarren parte-hartze prozesua, udalaren jarduera honen edukia zehaztu ahal izateko. Auzo hartakoak eta udal teknikariak Gasteizera joan ziren Arabako hiriburuko plazetan honen antzeko proiektuak ezagutzera eta udal teknikariak, auzoko jendea, alkatea eta Obretako zinegotzia sarritan bildu dira eta aukera ezberdinak aurkeztu eta aztertu dituzte. Azkenean, egingo den proiektua da egindako lan horren emaitza.

 Proposamenak, plazaren zoladuraz gain, beste hainbat jarduera hartzen ditu bere gain: umeendako jolasleku bat ere izango da, kolore askoko kautxuzko zoru gainean; zortzi eserleku edo banku ere jarriko dira. Plazaren itxitura edo horma moduko horren gainean, altzairu herdoilgaitzezko baranda edo eskudela jarriko da; orain dagoen metalezko itxitura saneatu eta pintatu egingo da. Argi berriak ere ipiniko dira 6 metroko altura izango duten zutabeetan; zutabe bakoitzean Led erako argi bi jarriko dira, kontsumo gutxiko argi ona bilatzearren.

 Proiektuak zoladurari ematen dion konponbideari esker, garaje gainean dagoen Jazinto Olabe plazaren iragazgaiztea hobetu egingo da, geruzaka, produktu iragazgaitzak aplikatuko dira, aldi berean, zoladura direnak. Produktu honek baldintza klimatologiko txarrenak ere ondo jasaten ditu eta  trafikoa jasateko gauza ere bada.

 Bestalde, Jazinto Olabe plazarako hartu den konponbide horrek egon daitezkeen akatsak erraz kausitzeko modua ematen du, iragazgaiztea bistan geratzen delako, eta gainera, konponbide honekin, obren egikaritza-epea murriztu egiten da, ez dagoelako zorua eraitsi beharrik eta ezta zoru berri bat jartzeko premiarik. Horregatik da hain motza obrak egiteko epea; hile bikoa . Auzoko jendearentzat hori mesede handia da, ez bakarrik obrek gutxi iraungo dutelako, zarata gutxiago aterako delako eta hauts gutxiago harrotuko delako, zorua bota edo eraitsi eta berriro jartzerik ez delako izango.

Beste gauza on bat hauxe da: baldosek ez bezala, koloreak eta marrazkiak konbinatzeko aukera ematen duela.