Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Iturburuko berokuntza eta ur berorako horniketa biomasarekin egingo dute

Iturburuko berokuntza eta ur berorako horniketa biomasarekin egingo dute

Iturburu ikastola.

2016/08/12

Udalak enkantera atera du 276.891 euroan egungo hornidura sistemaren berrikuntza ikastolara. Biomasak ordezkatuko du gasolioa; merkeagoa, berriztagarria eta emisio gutxiago dituen energia da biomasa.

Iturburun dagoen Juan Antonio Mogel Ikastolako instalazioen berokuntza eta ur berorako horniketa eraberritu egingo dute; egungo gasolioaren horniketa biomasak ordezkatuko du. Eibarko Udalak enkantera atera ditu makina gela berritzeko lanak eta biomasako galdara baten instalazioa hezkuntzako eraikin horretan, 267.891 euroan; interesa duten enpresek eskaintzak aurkezteko epea irailaren 7ra arte dago zabalik.

Iturburu Ikastolaren eraikinaren berokuntza eta ur bero sanitarioaren instalazioak hornituta daude eraikinaren beheko solairuan kokatuta dagoen gasolio makinez osatutako gela batetik. C gasolioa da erabilitako erregaia; lurpeko depositu batean gordetzen da.

Instalazioaren zati baten antzinatasuna dela-eta, haren tresnen egoera eskasa eta erabilitako erregaiaren kostu altua merkatuan dauden beste batzuen aurrean, Eibarko

Udalak erabaki du beroaren ekoizpen sistema aldatzea, produkzio berri bat ezarrita; biomasaz hornituko da. Hala ere, eskariendako egungo produkzioa mantenduko da C gasolioarekin, baita ur bero sanitarioaren instalazioa bere osotasunean ere.

Makina gela berria homologatutako aurrefabrikatutako kabina energetiko baten barruan kokatuko da; 11,5 zentimetro lodiera duen hormigoi armatu eta inpermeabilizatuarekin eginda dago eta 9.80 metro dauzka luzeran, 4.90 zabaleran eta 4.12 altueran. Egurats zabalean egoteko prest egongo da, ikastolaren atzeko patioan.

Erabiliko den erregaia biomasa izango da, pelleta zehazki, eta galdara bat ipiniko da erregai mota horri egokituta. Biomasako galdarak, 250,00 kW-ko potentzia nominalarekin, beharrezkoa den beroa ekoiztu egingo du, egungo galdararekin batera, berokuntza instalazioa hornitu ahal izateko.

Eraginkortasun energetikoaren proiektu horren ezarpena EH Bilduk urte honetan Eibarko udal aurrekontuetara aurkeztutako zuzenketa baten ondorioa da, gobernu sozialistarekin adostuta eta onartuta.

Energia biomasaren bitartez materia organikoa iturri energetiko bezala erabiltzean datza; materia organiko hori heterogeneoa da. Nekazaritzako hondakinak izan daitezke, baita egurrezkoak ere; pelletsak edo zerrautsak, esate baterako. Energia ekoizpen mota merkeagoa da, berriztagarria eta emisio gutxiagoekin konbustio motagatik. Gainera, basoak garbi mantentzen laguntzen du, beraz, suteak prebenitzen ere.

Aurreko lerroetan aipatutako produktuak prozesatzeko galdarak erabiltzen dira. Bertan, materiala pixkanaka erretzen da eta horrek ondoren ongarri moduan erabil daitezkeen errautsak sortzen ditu. Metagailu bat ipintzen bada, sortu den soberazko beroa gorde daiteke. Biomasako erregaia beroa sortzeko erabili ohi da, eta industrial mailan, noizean behin, elektrizitatea sortzeko, prozesua lan nekezagoa den arren.

Biomasa energia berriztagarri-iturri merkeagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa da; emisio gutxiago ditu eta basoen mantenu edo nekazaritza hondakinen birziklapenerako lagungarri da. Biomasaren erabilpena ordezko energia-iturri garbi bezala lagundu dute honako faktore hauek: petrolioaren prezioaren igoera, nekazaritza-ekoizpenaren haziera, aldaketa klimatikoa, prestakuntza teknikoaren handitzea eta ezagutza zientifikoa energia berriztagarrien ikerketan edo egoera ekonomiko aproposa biomasa-fabriken ustiapenerako.