Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ireki da Eibarko enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egiteko programaren deialdia

2016/06/28

Programara bideratutako aurrekontua 148.000 eurokoa izango da, iazkoa halako lau. Programa martxan egon den bi urteetan, hogei bat enpresak jaso dituzte Udalaren laguntzak.

Hirugarren urtez, Eibarko Udalak martxan jarri du lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egin ditzaten enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzen programa. Azterlan horiek hainbat arlotan hobetu dezakete enpresen lehiakortasuna: produktuan, zerbitzuan, marketingean/merkatuan, prozesuetan, antolaketan, pertsonetan, kalitatean, ingurumenean… Aurreko deialdietan, diru-laguntzak lortu dituzten enpresetako askok horiek erabili dituzte enpresen eta Teknikerren arteko lankidetzaren ondorio diren hobekuntza teknologikoetarako.

Diru-laguntza programa, 2014an hasi zen, eta urtez urte handituz joan dira, baidiru-laguntzak lortu dituzten enpresen kopurua, bai horretara zuzendutako aurrekontu-partida. 2014an, 9.000 euro bideratu zituen Udalak programara; eta, 2015ean, 36.000 euro, aurrekoa halako lau.

Aurten, hasieran 48.000 euroko partida aurreikusia zen, baina EAJk aurkeztu zuen eta gobernu-taldeak onartu zuen aurrekontu-zuzenketa baten ondorioz, azkenean, 148.000 euro bideratuko dira ekimenerako. Partida handitze horren bidez, Udalak bermatu nahi du programan interesa duten enpresa guztietara iristea diru-laguntza, horrela, proiektu sakonagoak abiatu ahal izateko. Epea irekita dago jada, eta enpresek irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Eskabideak Pegoraren bulegoetan aurkeztu beharko dira.

Pasa den astean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen programaren edizio berriaren deialdia, zeinak helburua baitu Eibarren kokatuta dauden (edo Eibarren lantokiren bat duten) eta 50 langile edo gutxiago daukaten enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egin daitezen. Batik bat, industria-sektoreko enpresei zuzenduta dago ekimena.

Azken 6 hilabeteetan batez beste 12 eta 25 langile bitarteko plantilla izan duten enpresen kasuan, gehienez 4.956 eurokoa izango da diru-laguntza. Azken 6 hilabeteetanbatez beste 25 langile baino gehiagoko plantilla izan duten enpresen kasuan, gehienez 4.736 eurokoa izango da diru-laguntza. Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 3. atalean sartutako enpresen kasuan, 300 euroan handituko da diru-laguntza. Zenbait enpresen arteko proiektu komunen kasuan, % 25 handituko da enpresa bakoitzaren diru-laguntza.Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

2014an emandako diru-laguntzekin, 50 langile baino gutxiago duten Eibarko sei enpresak abiarazi ahal izan zituzten plan berritzaileak, eta 2015ean, partida handitu denez, Eibarko hamahiru enpresek eskuratu zituzten programaren diru-laguntzak.

Programaren bidez, Udalak sendotu egiten du Eibarko enpresa txiki eta ertainekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa. Diru-laguntzen lerro honen abiapuntua da Gertatu ekintzailetza-foroa, bere garaian Udalak martxan jarri zuena bere ustez berrikuntza ezinbestekoa delako enpresen garapenerako.

Eibarko enpresetan ekosistema ekintzaile eta berritzaile berri bat sortzeko, Udalaren Berrikuntza-Arloa ekimenak sustatzen ari da berrikuntza Eibarko enpresa txiki eta ertainetara iritsarazteko, horixek dira-eta Eibarren motore ekonomikoa.