Irakurketa erraza: erakusketa eta aurkezpen-hitzaldia

2014/09/16
Irakurketa errazaren kontzeptua zabaldu nahian Eibarren, Udal Liburutegiak jarduera bi antolatu ditu hil honetarako

Denok dakigu irakurtzea oso garrantzitsua dela. Liburutegitik betidanik bultzatu dugu irakurketa: liburuak erosiz, irakurketa bultzatzeko jarduerak antolatuz...

Baina Irakurketa Erraza elkartearen datuen arabera, biztanleriaren %30ek ezin du irakurri. Ez gogoko ez duelako, baizik eta ulermen arazoak dituelako.

Irakurketa Erraza  irakurketaren demokrazia eta irakurketaren bidezko gizarte integrazio printzipioetan oinarritzen da. Irakurketa edo ulermen zailtasunak dituzten pertsonei irakurketa hurbiltzea da helburua. Irakurketa errazak kulturara, irakurketara eta informaziora iristeko denok dugun eskubidea bermatzen die pertsona hauei.

Irakurtzeko zailtasunak dituztenen artean, halako kasuak topatu ahal ditugu: immigrazioa, eskolatze eskasa, dislexia, zahardadea, adimen urritasuna...

Irakurketa errazaren kontzeptua zabaldu nahian Eibarren, Udal Liburutegiak jarduera hauek antolatu ditu hil honetarako:

  • Erakusketa: “Irakurtzea, plazerra eta eskubidea”. Irailaren 15etik 26ra, Liburutegian.
  • Aurkezpen-hitzaldia: “La lectura fácil: una herramienta de estímulo a la lectura para colectivos con dificultades lectoras”

Hizlaria: Blanca Mata Fauri (Irakurketa erraza Euskadi Lectura fácil). Irailak 17, 18:30, Portaleko Areto Nagusian. Gazteleraz

Proposamenak hauek biltzen ditu: “Irakurtzea, plazerra eta eskubidea” izeneko erakusketa; Liburutegiko IE liburu-fondoa aurkeztea, eta hitzaldi informatibo bat antolatzea, alde batetik, IE kontzeptua eta bere garapen aukerak azaltzeko eta, bestetik, interesatuta dauden pertsona eta erakundeei, ezagutzera emateko, irakurketa errazeko publiko potentzialarekin landu ahal izan dezaten.

Interesa daukaten kolektibo guztiak hitzaldira eta bi astetan Liburutegian egongo den erakusketa bisitatzera gonbidatzen ditugu.