Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Igogailua Julian Etxeberria kaletik Jardiñetara: horixe da inkestan parte hartu duten Jardiñetako eta Aldatzeko bizilagunen %76ak egin duen hautua

2017/06/27

510 etxe izan dira bozkatzera deitutakoak; 235ek hartu dute parte. Eta emaitza hauxe: 179 etxebizitzek nahiago izan dute igogailua Telefonicako etxartean jartzea; 55ek, ostera, nahiago Muzategin. Ateartean zabaldu dira kartazalak udaletxeko Batzar Aretoan eta emandako botoak zenbatu; ekainaren 19tik 22ra bitartean izandako parte-hartze prozesuan bildutako, alegia.

Asteartean zenbatu ziren Eibarko udaletxeko Batzar Aretoan Jardiñeta eta Aldatze kaleetako bizilagunek ekainaren 19tik 22ra bitartean izandako parte-hartze prozesuan eman zituzten botoak; jendaurrean eta denen bistan zenbatu ere.

Boto-zenbaketak datu hauek eman dizkigu: bozkatzeko kartazala 510 etxetan utzi zen eta 235ek hartu dute parte; beraz, parte-hartzea % 46koa izan da.

Proiektu bi zeuden aukeran;  bietako bat igogailua Telefonicako etxartean jartzea eta goialderaino igotzea zen, Jardiñetaraino. Aukera horrek 179 boto eskuratu ditu, eta horixe atera da garaile bozken % 76arekin. Igogailua Muzategitik Jardiñetara jartzea zen 2. aukera eta horrek 55 etxeren edo bizilekuren babesa jaso du. Gelditzen den boto bakarra ez da zenbatu baliogabetzat jo delako.

Ekainaren 12an Coliseo antzokian izandako bileran esan zen bezala, irabazi duen proiektu honek mesede handia egingo dio irisgarritasunari: Julian Etxeberria kaletik Aldatzeko goialderaino igoko da igogailua, Jardiñeta kalearen hasieratik oso gertu; eta handik, igogailua geratzen den leku hartatik, pasabide bat egongo kalera bertara iristeko.  

Igogailu hori 13 pertsona/1000 kilo hartzekoa izango da. Proiektuaren aurrekontu osoa 597.510,96 eurokoa da (BEZa barne). Obra egiteko epea 6 hilabetekoa da.

Alkateak, Miguel de los Toyos jaunak, eskerrak eman dizkie "auzoko bizilagun guztiei prozesu honetan parte hartzeagatik" eta hauxe gaineratu du: “Urte honetako Aurrekontuan jasota dagoen bezala eta gobernu-taldeak agintaldiko Plangintzan hartu duen konpromisoaren baitan, berehala hasiko dira igogailua egiteko tramiteak.”