Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Herritarrei laguntzeko 150 esku-hartze baino gehiago egin ditu Udaltzaingoak azken bost hilabeteetan

2017/06/14

Erorikoak, ondoezik sentitzea, galtzea edo desorientatzea, igogailuan edo beste toki batean harrapatuta geratzea… halako egoerak atenditu dituzte udaltzainek urtarrilaz geroztik, baita arazoak dituzten adinekoei lagundu ere. Joan den asteburuan bertan, genero-indarkeria kasu batean esku hartu zuten, eta udaltzain batek saihestu zuen kalte pertsonal larririk egotea.

Azken bost hilabeteetan, Eibarko Udaltzaingoak 150 esku-hartze baino gehiago egin ditu herritarrei laguntzeko. Askotan ez dago horren berri, baina herritarrei laguntzea agenteen lanaren alderdi nabarmena da. Besteak beste, honelako lanak egiten ditu Udaltzaingoak: kalean erorikoa izan duenari laguntzea, ondoezik sentitzen direnei laguntzea, desorientatu diren herritarrei bidea bilatzen lagundu eta desagertutakoak bilatu, blokeatuta geratu diren ateak ireki, igogailuan harrapatuta geratu direnak atera eta arazoak dituzten adinekoei lagundu.

Azkena joan den larunbatean bertan izan zen. Emakume batek Udaltzaingoari ohartarazi zion bikote batek eztabaida bizia zuela. Bertaratu ziren agenteak azkar ibili ziren, eta kalte pertsonal larriak saihestu ahal izan zituzten.

Urtarrilaren 1etik ekainaren 7ra, erorikoa izan zuten hainbat herritarri lagundu zieten udaltzainek. Udalak argitaratu duen balantzean ikus daitekenez, 91 erorikotan izan da udaltzaingoa, kalean edo saltokietan erori ziren pertsonei laguntzen. Beste 25 kasutan ere hartu zuten parte, beren etxean bertan jausi zirenei laguntzen.

Horrez gain, ondoezik sentitu ziren lagunak ere atenditu zituzten, 75 kasutan. Desorientatua zeudenei ere lagundu zieten, 9 aldiz, baita bederatzi heldu eta lau umeren desagerketak argitzen lagundu ere. Eta nonbaiten itxita, atera ezinik, geratu ziren 5 lagunei ere lagundu zieten.

Izan dira bestelako egoerak ere. Hogei bider hartu behar izan dute esku igogailuetan harrapatuta geratutakoak ateratzeko; eta 110 bider lagundu dituzte, giltzak etxe barruan ahaztuta, etxera sartu ezinik zeudenak.

Adineko herritarrei ere lagundu zieten: arazoak zituzten lau pertsonari lagundu zioten eta telealarmarekin lotutako 2 kasutan esku hartu zuten.

Alkateak Udaltzaingoaren gertuko izaera nabarmendu du. Hark dioenez, Udaltzaingoak Ertzaintzarekin batera egiten du lan, segurtasuna eta ordena publikoa bermatze aldera. Baina oso garrantzitsua da herritarrek gertuko sentitzea Udaltzaingoa, hura baita azkarren lagunduko dituen segurtasun-gorputza. Trafikoko isunak jartzeaz gain, gure kaleetako segurtasuna berma dezake eta behar duen guztiari lagundu.