Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera eman zaio Eibarren hiri-ibilbideen zirkuitu osasungarrien sarea eraikitzeko prozesuari zirkuitoak zehazten dituen proiektu baten idazketarekin

2016/02/08

Mahai tekniko batek, gizarte-mahai batek eta landa-lanak zehaztu dute zein diren ibilbiderik komenigarrienak. Hiru zirkuitu proposatu dituzte: San Juan-Amaña, San Juan-Azitain, eta San Juan-Ipurua-Unbe-Txonta.Aurtengo lehenengo seihilekoan egitekoa den bigarren fasean, zirkuituak seinaleztatuko dira; eta, hirugarrenean, dinamizazio-lana egingo da eta jendarteratu egingo dira ibilbideak.

Eibarko Udalak lehenengo urratsak emanak ditu jada hirian hiri-ibilbideen bidezko zirkuitu osasungarrien sarea abian jartzeko. Gaian zerikusia duten gizarte-eragile guztiekin parte hartzeko prozesu integral baten ondoren, proiektu idatzi da; horretan zehaztu dira ekimenak izango dituen zirkuituak, eta zein egokitzapen eta konponketa nagusi egin behar diren zehaztutako eremuetan zirkuituak erabiliko dituzten oinezkoen erosotasuna bermatzeko.

Horrela, hiri inguruko zein hiriko ibilbideak diseinatuko dira, neurrizko jarduera fisikoa eguneroko bizimoduan txertatzen gonbidatzeko, eta , horrela, pertsona sedentarioen ongizate fisiko eta mentala hobetzeko, bereziki adineko pertsonena.

Orain burutu den fasea, zirkuituak zehaztekoa, hiru lerroren bidez egin da: mahai tekniko bat, gizarte-mahai bat, eta landa-lana. Mahai teknikoan, hainbat arlotako eragileek hartu dute parte: ingurumen, kirol eta osasun publikoko teknikariek; Hirigintza, Obrak eta Gizartekintza sailetako udal teknikariek; Udaltzaingoak; Debegesak; Esperientzia Eskolak…

Gizarte-mahaian, adineko pertsonen eta Andretxearen ordezkariek hartu dute parte, besteak beste.Eta, landa-lanean, ingurunea aztertu da: orografia, espazio publikoen eta ekipamenduen sarea, mugigarritasun-sarea, oztopoak… Horrela, hurbilketa bat egin da ikusteko zer ibilbide prestatu daitezkeen.

Gainera, ibiltarien ohiturak aztertzea eta euren ekarpenak jasotzea hirigunera eta hiri inguruko ingurunera ere zabaldu da.  Proposamena herritar guztiei zuzendua da, eta, zirkuituak zailtasunaren arabera sailkatzen dituen eskema baten bidez, hainbat ibiltari motari erantzun diezaieke, zeini bere egoera fisikoaren arabera. Ibilbide guztiek Anbulatorioaren aldean izango dute abiapuntua, Toribio Etxebarria eta San Juan kaleen gurutzean.

Horrela, zailtasun ezberdineko hiru zirkuitu borobil aurreikusten ditu parte-hartze prozesutik ateratako behin betiko proposamenak: zirkuitu “erraz” bat (San Juan-Amaña), “zailtasun ertaineko” zirkuitu bat (San Juan-Azitain), eta zirkuitu “zail” bat (San Juan-Ipurua-Unbe-Txonta). Bai zirkuitu “errazak”, bai zirkuitu “ertainak”, ia lau kilometroko luzera daukate; "zaila”, berriz, ia aurrekoek duten luzerako bi erdi berdintsuek osatua da.  Euren luzera dela eta, lehenengo biak hiru ordu laurdenez ibiltzekoak dira, gutxi gorabehera; beraz, urkila idealean sartzen dira, hura baita ordu erdiaren eta ordu betearen artekoa.

Zirkuituak zehazteko fase hau amaituta, proiektuak osatzen duten hurrengo bi faseei ekingo zaie. Aurtengo lehenengo seihilekoan, proiektua amaituko da bere osotasunean. Bigarren fasean, zirkuituak seinalatuko dira (balizen eta informazio-panelen bidez). Hirugarrenean, dinamizoa egingo da, eta triptikoen, kartelen eta hitzaldien bidez sustatuko da “zirkuitu osasungarriak”·erabiltzea.

Ekimen honen bidez, Eibarko Udalak doako kirol-proposamen bat eskaini nahi du, ordutegi librekoa, norberaren beharrei egokitzeko modukoa, eta taldekako paseoak erregulartasunez antolatzeko aukera ematen duena. Zirkuitu osasungarrien sare bat da, hirian zeharreko ibilbideetan oinarritua, eta helburu dituena natura-inguruarekin lotura handiagoa lortzea eta jendeak kirola egitea. Adineko pertsonen kopurua gero eta handiago dela eta bizi-itxaropena gero eta handiago dela egiaztatzetik sortu zen ekimena.

Proiektuak 14.875 € aurrekontua du (BEZ sartu gabe), eta arlo honetan espezializatua den Projekta enpresa ari da egiten.  Sare hau sortzea PSE-EEk eta EH-Bilduk lortutako aurrekontu-akordioaren barruan kokatua da, koalizio abertzaleak iazko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten ondoriozkoa.