Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi dira Jazinto Olaben ludoteka bat egingo den lokala eraberritzeko obrak

2016/07/11

Eibarko Udalak El Corte Inglés enpresari esleitu dizkio lanak, 133.311 euroan, eta zortzi aste iraungo dute.

Gaur, uztailak 11, hasiko dira Jazinto Olabe plazako (Ipurua aldean) Udalaren lokala eraberritzeko obrak, bertan ludoteka bat egiteko, Udalak erabaki ondoren lanak El Corte Inglés enpresari esleitzea 133.311 euroan (BEZa barne). Lanek zortzi aste iraungo dute, eta ludoteka-zerbitzu berria datorren ikasturterako egon ahal izango martxan. Proiektua exekutatzea 177.754 euroko aurrekontuarekin atera zen lizitaziora (BEZa barne).

Lokala Jazinto Olabe kalean dago, beheko solairuan; 145 bat metro kuadroko azalera dauka, eta garai batean eskolaurrea izan zen. Lokala zatitzen du sarbideko atariak, eta horretara Jazinto Olabe plazatik sartzen da.

Gaur hasiko den eraberritzearen bidez, lokalaren baldintza termikoak hobetu nahi dira; horretarako, isolatzaile termiko bat sartuko dute fatxadaren barruan, eta oraingo leihoen ordez ezaugarri eta beira hobeak dituzten beste batzuk jarriko dira. Horretaz gain, lokalerako irisgarritasuna hobetuko da, sarreran koska bat dago eta. Ur-sarea, komunak, saneamendua eta elektrizitate-instalazioa ere hobetuko dira.

Barneko zatiketak egiteaz gain (komun berriak, gelak, bulegoa eta biltegia prestatzeko), lokalaren bi fatxaden baldintza termikoak ere hobetuko dira eraberritzearekin. Laburbilduz, eraberritze-obrarekin, lokala birbanatuko da ludoteka-funtziora ondo egokitzeko; hala, bi gela, sukalde bat, biltegi handi bat eta lau komun berri egingo dira (komun berrietako bi ezintasuna duten pertsonei egokituta egongo dira).