Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hamabi enpresak aurkeztu dituzte euren eskaintzak Amañan umeentzako jolastoki bi instalatzeko eta hornitzeko

2016/01/25

Hilaren 22an Kontratazio-Mahaia bildu zen, eta gaur egungo aurreikuspenen arabera, otsailaren erdialdean esleituko dira lanak. Inguruetako gurasoei eta ikastetxeei galdetegi bat egin zitzaien jakiteko zeintzuk diren premiarik handienak; horretatik ateratako ondorioetan oinarrituta aukeratu dira instalatzekoak diren joko-motak.

Hamabi enpresak aurkeztu dituzte euren eskaintzak Amaña auzoan Udalak proiektatutako umeentzako bi jolastokiak instalatzeko eta hornitzeko, hilaren 22an bildu den Kontratazio-Mahaian jakin zenez.

Ostiralean gutun-azalak zabaldu, eta orain hamabi eskaintzak aztertuko dituzte udal-arduradunek, eta aurreikuspenen arabera, otsailaren erdialdean esleituko zaizkio lanak enpresetako bati.

Horrela, Amaña auzoan trenbidea estaltzeko lanen ondorioz lortutako pasiatzeko eta aisiarako esparru publiko berriei, umeentzako bi jolastoki hauek gehituko zaizkie: bata, pasealeku berrian, Tiburzio Anituaren 4. zenbakiaren parean, eta bestea, Torrekuako osasun-zentroaren pareko plazatxoan.

Eibarko Udalak pasa den abenduan atera zuen lehiaketan bi parke hauek hornitzeko eta instalatzeko kontratua. Lizitazio-aurrekontua 150.000 eurokoa zen, eta zortzi astekoa egikaritze-epea. Eskaintzak aurkeztuak dira jada, eta orain beroriek aztertu egingo dira.

Bere garaian, Udalak parte hartzeko prozesu ireki bat abiatu zuen guraso eta ikastetxeen artean, zehazteko zer joko mota ziren komenigarrienak instalatzen; horren ondorioz aukeratu dira jolastoki berri hauen ezaugarriak, diseinua, zer joko-mota jarriko den eta zer adinetako umeentzakoak diren.

Torrekuako jolastoki berria

Torrekuan (osasun-zentroaren pareko plazatxoan, trenbidea estaltzeko obraren ondorioz egindako mailen ondoan) egin behar den jolastokiak 4 eta 12 urte bitarteko umeentzako jokoak izango ditu. Dorre tematikoen multzo bat aurreikusi da, osagai hauek izango dituena: lau plataforma, plazatik jolastokira sartzeko eskailerak, gora egiteko sokak, txirristak eta plataformen arteko zubiak. Horrez gain, txori-habia erako zabua bat, diseinuzko ping-pong mahi bat eta saski-baloi saski bat ere izango ditu.

Tiburzio Anituako jolastokia

Tiburzio Anituako jolastokiak, berriz, Azkena tabernaren parean egongo da, oinezkoentzako pasealeku berriaren gainean eta bidegorriaren eta gune horretan jarritako pergolen ondoan. Honetan jartzekoak diren jokoak urte bat eta sei urte bitarteko umeentzat izango dira. Jolastokian multzo tematiko bat egongo da, eta joko hauek izango ditu: gehienez 1,50 metroko altuerako etxola bi, txirrista bat, sokadun elementu bat eta gora egiteko elementu bat.

Horrez gain, txori-habia erako zabu bat, desgaitasuna duten umeei egokitutako zabu bat, mugimendu birakaria duen joko bat eta malgukizko zabu-aulki bat ere izango ditu. Hesi koloredunezko itxitura-perimetro batek mugatuko du jolastokia, eta horrek ate bat izango du.

Jolastoki biek erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko arau eta zuzentarau guztiak bete beharko dituzte, bai jokoei berei dagokienez, bai azaleren estaldurei dagokienez; era berean, mantentze eta ordezko elementuen bermeak ere ezarriak dira. Jolastoki bakoitzak informazio-kartel bat izango du, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat datu jakinarazteko: zer adinetako umeentzat gomendatuak diren jokoak, erabiltzeko gomendioak, larrialdietarako telefonoa…

etiketak: Amaña, Jolastokiak