Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Gurasoak Martxan' programak bi ikastaro antolatu ditu, gurasoek beren seme-alabekin duten komunikazioa ondu dadin

2017/02/07

Lehenengo ikastaroa hilaren 7an izan da eta hiru saio izango ditu otsailean zehar. Bigarrena martxoan izango da; hura ere hiru saiokoa. Ikastaroek bi jomuga hauek edukiko dituzte: lehen hezkuntzako umeen gurasoek gaitasun emozionalak landuko dituzte, eta, bigarren hezkuntzako gaztetxoen gurasoek eguneroko bizitzan eta bizitza digitalean komunikatzea eta gatazkak konpontzea izango dute hizpide.

Eibarko Udaleko Gizartekintza sailak bultzatzen du Gurasoak Martxan programa, eta haren helburu da gurasoei informazioa eta trebakuntza ematea, seme-alabekin suertatzen zaizkien arazoei aurre egiteko. Era berean, gurasoek seme-alabekin duten komunikazioaz hausnartzeko txokoa ere bada, eta bi ikastaro berri antolatu ditu otsailean eta martxoan egiteko, hiruna saiokoak.

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere elkarlanean ibiliko da Gurasoak Martxan Eibarko ikasleen gurasoen elkarteekin eta Baikara-rekin (Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioa). Hitzaldi guztiak Portaleko bigarren solairuko ikastaro-gelan izango dira, eta, parte hartzeko, izena eman beharra dago, Gizartekintzako bulegoan edo eskola bakoitzeko ikasleen guraso elkarteetan.

Lehen ikastaroa gaitasun emozionalei buruzkoa da, eta lehen hezkuntzako umeen gurasoei dago zuzenduta. Bertan familia girorako gaitasun emozionalak ulertu, bereganatu eta praktikatuko dituzte. Hiru saio beteko dituzte, otsailaren 7an, 15ean eta 22an eta hizlaria Garbiñe Arrizabalaga (Baikara) izango da. Hitzaldia gazteleraz izango da eta honezkero 40 gurasoek eman dute izena parte hartzeko.

Lehen saioan (otsailak 7, asteartea), haurtzaroko inteligentzia emozionalaz arituko dira; bigarren saioan (hilak 15), emozioak adierazi eta kudeatzeko garaian jokoak duen garrantzia jorratuko dute, eta halakoetan gurasoek behar dituzten baliabideak landuko. Hirugarren saioan (otsailaren 22an), egoera zailak nola kudeatu eztabaidatuko dute.

Bigarren ikastaroan eguneroko bizitzan eta bizitza digitalean komunikatzea eta gatazkak konpontzea izango dute hizpide. Hau ere gazteleraz izango da, eta hiru egunetan batuko dira bigarren hezkuntzako gaztetxoen gurasoak: martxoaren 8an, 15ean eta 22an.

Lehen saioan (martxoak 5) nerabeekin komunikatzea gaia landuko dute; bigarrenean (martxoak 15), nerabeekin negoziatzeaz eta adostasuna lortzeaz arituko dira, eta hirugarrenean (martxoaren 22an), teknologia berriak, babesa Interneten eta ziberjazarpena jorratuko dituzte.

Eibarko Udalak herriko guraso guztiei egiten die dei, ikastaroetan parte hartzeko anima daitezen. Izena aurrez eman behar da, baina ikastaroak erabat dohainik dira; eta bertan baliabideak garatu ahal izango dituzte gurasoek, beren seme-alabekin suerta dakizkien egoerei aurre egin ahal izateko.

Era berean, aintzat hartu beharra dago, gutxienez 12 gurasok eman behar dutela izena ikastaroak aurrera atera daitezen.