Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gobernu-taldeak uste du prozedura akats bat dagoela Podemos-Ahal Dugu Eibarrek udal aurrekontuari egindako proposamenetan

2017/05/11

Gobernu-taldeak dio Podemos-Ahal Dugu Eibarrek Udalean ordezkaritza eduki izan balu akordio batzuetara irits zitezkeela, talde horrek dituen hainbat planteamendurekin halako sintonia moduko bat duelako.

Ez dago erantzuterik Podemos Ahal Dugu-Eibar taldeak Eibarko Udalaren aurrekontuari egin dizkion zuzenketei; beraz, prozedura akats batengatik, zuzenketok baztertuta geratu dira. Talde horrek ez du ordezkaritzarik Udalean. Miguel de los Toyos alkateak hauxe adierazi du: “Podemosek ez du prozedura ezagutzen, horixe izan da talde horrek egin duen akatsa, egin dituen proposamenak ezin baitira zuzenketatzat ekarri; eta, zerbait aurkeztekotan, alegazioak aurkez zitzakeen. Alegazioak izaera teknikoko eta juridikoko kontuak dira, ez dute inoiz ametitzen jarduketa zehatz eta jakinik."

Podemosekiko eta egin duen lanarekiko errespetu osoz, uste dut egin duten horretan erratu duela —esan du alkateak— baina, hala ere, gobernu-taldekook aurkeztu dituen proposamen guztiak banan-banan aztertu ditugu".  Podemosek aurkeztu dituen 32 zuzenketa horietatik 13 partida jakin batzuetan gastua gehitzekoak dira, eta horietako bost lehendik dauden partidak dira. De los Toyos alkateak hauxe adierazi du horren inguruan: "Bat gatoz partida horiek egon behar direla esatean, beraz,  negozia genezakeen partida horiei diru gehiago sartzea.”

Podemosek eskatu dituen gastu-partida berriei buruz, horietako batzuk Gizartekintzakoak edo Gazteriakoak dira, eta gobernu-taldea badabil gastu horiek aztertzen; beste partida batzuk —esate baterako, herritarren parte-hartzeari buruzkoak— abian dauzkate hausnarketa-prozesuak, eta, beste kasu batzuk teknikariekin azter daitezke. Partidak murrizteko egin duen proposamenari dagokionez, ibilgailuen Zerga, joan zen urteko urrian onetsi zen ordenantza, eta, une honetan ezingo litzateke hura aldatu.

Hortaz, Podemosek aurtengo aurrekontuari egin dizkion proposamenak aztertuta, alkateak deritzo “prozedura-akatsak dauzkate-eta, talde horrek ekarri dituen zuzenketa horiei erantzuna ematerik ez badago ere, Podemosek Udalean ordezkaritza eduki izan balu eta zuzenketa horiek horretarako eman izaten den denbora horretan aurkeztu izan balitu, gure artean hainbat akordiotara heltzeko aukera egon zatekeen, egin dituzten proposamen horiekin badugulako halako sintonia moduko bat, eta hori kontuan hartu behar dugu etorkizunari begira."

Aurrekontuen kontrako zuzenketak aurkezteko epea Udal Osoko bilkurak aurrekontuaren agiriari aldi baterako onespena eman zionean amaitu zen. Edozelan ere, zuzenketak aurkezteko eskubidea duten bakarrak Udal Osoko bilkura osatzen duten talde politikoak dira.

Podemosek egin dituen eskaeretako edukiari buruz De los Toyos jaunak azpimarratu du aurrekontuaren kontrako erreklamazioak hiru kasu hauetan bakarrik egin daitezkeela:  Aurreneko arrazoia: aurrekontua egiteko eta onartzeko Foru Arauak ezarritako tramiteak ez betetzeagatik. Bigarrena: Udalari galda dakizkiokeen obligazioak betetzeko behar beste kreditu ez izatea.  Eta, hirugarrena: aurrekontuan sartu diren gastuak egiteko dauden diru-sarrerak ez direla nahikoak nabaria denean, edo gastu horiek ere ez direnean gauza aurreikusitako premiei erantzuteko. 

Edozein kasutan ere, erreklamazioak egiteko epea amaitu ondoren, Udalbatzak hile bateko epea du erreklamazioen inguruko ebazpena emateko eta ezetsi behar dituenetz erabakitzeko.