Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko saihesbidean segurtasun gehiago izateko lanak egingo ditu

2015/10/19

Eibarko Udalak urte asko darama hori eskatzen; azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu egin dio Udalari eta, urritik abendura bitartean, hainbat hobetze-lan egingo ditu, bide horren segurtasunari mesedegarri suertatuko zaizkionak. Lurreko seinaleak eta seinale bertikalak jarriko dira eta saihesbidearen zoruari tratamendu bat emango zaio itsaspena gehitzeko, gurpilek hobeto oratu dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat hobetze-lan egingo ditu Eibarko saihesbidean, bidearen baldintzak hobetu eta segurtasuna gehitzeko. Horrela bide horrek duen arazoari Aldundiak erantzun bat eman nahi dio, izan ere gure herriko saihesbidean istripu ugari izan baita hura zabaldu zenetik hona, eta horietako batzuetan, zoritxarrez, hildakoak ere egon dira.  

Eibarko Udalari bidalitako karta batean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamenduko Kudeaketa eta Plangintza zuzendari orokorrak, hauxe adierazi digu: hile honetan bertan hasiko direla herriko saihesbidearen bide-segurtasun lanak egiten; lan horiek zertan datzaten ere zehaztu du.

Esan behar da egingo diren lan horiek, bide horrek dituen tokirik eskasenetan egingo direla: Estaziñoko biragunean edo tunelaren sarbidean. Slurry-a zabalduko da bidean —gurpilak lurrera hobeto oratzeko, itsaspen handiagoa ematen dio-eta—, lehendik dauden New Jersey-ak kendu eta berriak jarriko dira eta pintatu ere bai —autoak beren bidetik irten ez daitezen—; seinalizazio bertikala eta lurreko seinaleak ere jarriko dira eta bide markak fresatu. Urriaren amaieran hasi eta abenduan bukatzea da asmoa.

Miguel de los Toyos alkateak eta Arcadio Benítez Obretako zinegotziak bilera bat eduki zuten Bide Azpiegitura Departamentuko zuzendariekin eta teknikariekin joan zen irailaren 14an, gaiaz jarduteko. Oraingo karta honek bilera hartan esandakoari erantzuten dio. Izan ere, egun hartan, udal ordezkariek saihesbidean neurriak urgentziaz hartzeko premia zegoela esan baitzuten, eta aldi berean, egin beharreko lan nagusiak ere hantxe bertan azaldu zituzten.

Eibarko Udala beti egon da arduratuta saihesbidean gertatutako istripuak larregi direla ikustean; hori sarritan adierazi izan die gaian eskumena duten erakundeei, istripuak izaten hasi zirenetik bertatik esan ere, hainbat idatzitan eta beste hainbeste bileratan.    

Foru Aldundiari askotan eskatu zaio zerbait egitea, baina orain arte, Gobernu berria sartu arte, sekula ez du jaramonik egin.

Miguel de los Toyos alkateak hauxe adierazi du: "Pozik gaude, nola ez, izan ere, saihesbidea hobetzeko lanak hemendik denbora gutxi barru egiten hasiko baitira, eta horregatik, Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuko lantalde berriari eskerrak eman nahi dizkiogu, gure eskabideak entzun eta erantzun egin dituelako. Hala ere, Eibarko Udala, gure herriko saihesbidean berriro beste istripurik gerta ez dadin, datozen urteotan ere adi egongo da eta gaiaren jarraipen sakona egingo du, saihesbide osoan beharrezkoak diren obra guztiak egin daitezen, aurten egingo direnak osatzeko lanak edo hobekuntzak, alegia."