Gazteen lokalak arautuko dituen ordenantza

2013/02/18
Eibarko udalak, hemendik hile batzuetara, gazteen aisialdirako lokalak arautuko dituen ordenantza berri bat izango du. Dokumentu horrek gutxieneko baldintza batzuk ezartzen ditu, aisialdiko lokalek segurtasun eta higiene aldetik bete beharrekoak; erabiltzaileentzat eta auzoko jendearentzat arriskurik eta gogaikarritasunik ez izateko

 

Idaztia eginda dago eta orain hile bateko epea irekiko da herritarren ekarpenak jasotzeko. Dokumentua prest dago eta laster udaletxearen webgunean, Pegoran, Hirigintza Sailean eta udalaren Gaztelekuan egongo da eskuragarri.

Eibarko udalerrian dauden lokal guztiek bete behar dute araudi hori, jarduerari ekin zioten unea zein delarik ere. Aisialdiko lokalak erregularizatu ahal izateko urte bete emango da araudia onartzen denetik erabiltzaileek beharrezkoak diren dokumentuak aurkez ditzaten.

Hirigintzako zinegotziaren hitzetan “kontu hori udalak arautu beharra zuen, herritar batzuen kexak daudelako. Orain arte, kasu hauetarako jarduketa-protokolo bat betetzen genuen, baina lokal-mota hauek ugaltzen ari dira eta arautu beharra dago elkarbizitza bermatu ahal izateko."

Ordenantza horretan hainbat gauza arautzen dira: bete beharreko ordutegia, telebistaren edo musika-aparatuen bolumena edo lokal biren sarrerako ateen artean dagoen distantzia. Horrez gain, erantzukizun zibileko asegurua poliza atera behar dute.

Ordenantzan esandakoa betetzen ez bada, zehapenak ohartarazpenetik hasi eta lokalak denbora jakin baterako ixteraino edo 300 eurotik gorako isuna jartzeraino hel daitezke. Lokalean eramateen den jardunaren eta eraikineko bizilagunen artean konponezinen bat badago zaratak, usainak edo beste zerbaitegatik, udalak, zehapena jarri beharrean liskar hori konpontzeko bitartekari bat jar dezake, gazteen eta auzokoen arteko zer hori konpontzeko eta beraien arteko elkarbizitza hobetzeko. Udalak, zehapen ekonomikoen ordez herriaren onerakoa izango den beste lanen bat borondatez egiteko aukera ere emango du.