Garraiobide jasangarrien erabilera bultzatzeko ekitaldiak

2013/09/20
Mugikortasunaren Aste Europarra dela eta, garraiobide jasangarrien erabiliera bultzatzearren, ekitaldi sorta bat antolatu du Udalak. Domeka honetan hasiko dira ekitaldiak ‘Pedalaren Eguna’rekin. Amaiera datorren ostiralean emango zaio, garraiobide azkarrena zein den ikusteko zinegotziek egingo duten lasterketarekin –batzuk oinez, beste batzuk autobusez, bizikletaz...

Eibarko udalak, Ingurumen sailaren eskutik, "Mugikortasunaren Aste Europarra" antolatzen duen bigarren urtea du hau. Debegesa, Eibarko Txirrindulari Elkartea eta auto-marka diferenteetako kontzesionarioek hartzen dute parte. Udalak, mugikortasun jasangarriago bat bilatu nahian, garraiobide ekologikoagoen erabilera bultzatu gura du herri barruan alde batetik bestera joateko.

Ekitaldiak domeka honetan bertan hasiko dira, Untzaga plazan. Goizean zehar ospatuko da Pedalaren Eguna, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatua. Bizikleta-martxa bi izango digu: bata mendiko bizikletan eta bestea zikloturistentzat. Horrez gain, umeendako, herri barruko ibilbide bat ere prestatu da; eta horren ondoren, ginkana-saioa.

Goizeko 11etatik eguerdiko 13:30ak bitartean, ingumenari kalterik egiteke, herritik zehar ibiltzeko dauden hainbat aukeren erakusleiho bilakatuko da Untzaga plaza. Eibarko Txirrindulari Elkarteak, hara urreratzen diren guztiei, bizikletak konpontzen eta mantentzen jakiteko gauzarik oinarrizkoenak erakutsiko dizkie. Auto-etxe batzuk, gaur egun merkatuan salgai dauden auto hibridoak eta elektrikoak jarriko dituzte ikusgai. Untzagara urreratzen denak, bizikleta elektrikoak ikusteko aukera ez ezik probatzeko aukera ere izango du.

Amaitzeko 13:15ean, herriko kaleak bizikletaz beteko dira eta orduan hasiko da jende guztiarendako bizikleta-martxa, Untzagan hasi eta bertan amaituko dena. Eibarko kaleetatik bizikletan ibiltzeko aukera paregabea.

Irailaren 27an, goizetik, Eibarko udaleko Ingurumen batzordeko zinegotzien txanda izango da: garraiobide azkarrena zein den ikusteko zinegotziek garraiobide-lasterketa egingo dute. Denek egingo dute ibilbide berbera, baina batzuk autobusa hartuko dute, beste batzuk autoa, oinez ibiliko denik ere izango da eta bizikleta ere erabiliko dute. Ibilbidearen hasiera eta amaiera Untzaga izango da. Horren atzean dagoen asmoa hauxe da: hiritik zehar ibiltzeko dauden aukera guztiak erabili, zenbat denbora tardatu den aztertu eta garraiobide horietako bakoitzaren alde onak zeintzuk diren ikusi.