Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Frankismoaren krimenen aurkako akusazio gisa aurkezteko prozedura abiatu du Eibarko Udalak

2017/02/14

Eta eibartar guztiei dei egiten die, biktima izandakoek edo haien senitartekoek salaketak aurkez ditzaten Alkatetzan. Ekimen honek segida ematen dio azaroaren 2an Udalbatzak eta Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak aho batez onartutako hitzarmenari.

1936ko uztaileko kolpe militar faxistaren ondorioak pairatu zituzten eibartarren memoria duintzeko asmoz, 2016ko azaroaren 2an Eibarko Udalbatzaren talde politiko guztiek aho batez onartu zuten mozioarekin bat, Alkatetzak prozedura hasiko du akusazio gisa aurkezteko Argentinako 4591/10 auzian, Argentinako Kereila izenaz ezagunagoa. Alkatetzaren helburua da benetan gertatu zena argitzea eta altxamenduaz geroztik frankismoak udalerrian eragindako krimen guztiak zigortzea.

Eibarko udal-talde guztiek eta Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak onartutako hitzarmenean adierazi bezala, Udalbatzak “akusazio gisa” aurkeztu behar du bere burua, “gure udalerriko frankismoaren biktimei buruz Argentinako epaitegietan abiatutako prozeduran”. Era berean, Udalaren egitekoa izango da “bitartekoak jartzea gure udalerrian jaso daitezkeen frankismoaren biktimen dokumentazio, testigantza eta froga guztiak prozedura penalean sartu ahal izateko”.

Hori egin ahal izateko, eibartar guztiei dei egiten die Udalak, frankismoaren garaian krimen baten (bonbardaketak, fusilatzeak, langileen batailoiak, desagertzeak, gartzelaratzeak, torturak, erbestea, desjabetzeak, etab.) biktima izandakoek edo haien senitartekoek testigantzak eta salaketak aurkez ditzaten, hala nahi izanez gero. Informazio hori jada Udaleko artxiboetan jasota dagoenari gehituko zaio eta memoria historikoa berreskuratzeari lagunduko du.

Hala nahi duten biktima guztiak Alkatetzara joan daitezke −Udaletxeko bigarren solairuan dago− edo 943 7084 01 telefonora deitu. Edozeinetara jota ere, testigantzen inguruan egin beharreko tramiteen berri emango diete. Herritarrei kasu egiteko orduak astelehenetik ostiralera izango dira, goizez. 2017ko maiatzaren 31 izango da testigantzak emateko azken eguna.