Fatxadak zaharberritzeko eta igogailuak jartzeko, jabe-komunitateei ematen zaizkien diru-laguntzak % 10 igo dira aurten

2016/06/20
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu den diru-laguntza deialdi honetan onetsitako igoerarekin Gobernu-taldeak bete egin du hauteskundeetan emandako hitza: diru-laguntzok apurka igotzen joatea, harik eta agintaldi honetan % 50ean handitzea lortu arte. Joan zen urtean, 2015ean, programa honi esker berrogeita hamar jarduketa lagundu ziren diruz, fatxadak berriztatzeko eta auzo-komunitateetan irisgarritasuna hobetzeko.

Eibarko Udalak, igogailuak jartzeko eta ordezteko obrak egiteko eta fatxadak zaharberritzen laguntzeko, diru-laguntza programaren deialdi berri bat jarri du abian 2016. urte honetarako. Alabaina, aurtengoan % 10 igo da egiten den obra bakotxeko emango den gehieneko diru-laguntza. Era horretan, Gobernu-taldeak “sendotu egiten du auzo-komunitateekin betidanikoa duen konpromisoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak berriztatzeko komunitate horiei ematen dizkien laguntzen bidez gauzatzen duena.” Udal agintaldi honetarako sozialisten hauteskundeetako konpromisoa hauxe izan zen: horrelako laguntza-motak handitzen joatea, lau urteko agintaldi honen amaieran laguntza horiek % 50ean handitu daitezen.

Laguntza horiei erantzuteko, 2016ko Aurrekontuetan 150.000 euroko partida bat ezarri da. Hasiera batean, aurrekontuen zirriborroan, lan horiei zuzendutako zenbatekoa 120.000 eurokoa zen, baina Irabazi Taldearen zuzenketa batek –sozialistek onartutakoa– beste 30.000 eurotan gehiagotu du partida.  

Joan zen urtean, 2015ean, laguntza-programa honi esker berrogeita hamar lan egin ziren, fatxadak zaharberritzeko, igogailuak jartzeko eta ordezteko, igogailuak pegoraraino jaisteko edo, igogailua dagoen lekuraino heltzeko, plataforma jasotzaileak jartzekoak.  Jabe-komunitate horietako batzuk –esate baterako, Mogel auzokoak– laguntzak jaso zituzten bai fatxadak konpontzeko, bai igogailuak jartzeko.

Joan zen urtean 25 komunitateko fatxadak berriztatu ziren udal laguntzari esker; 21 komunitatetan igogailuak jarri edo ordeztu ziren; beste hiru komunitatetan igogailua zero kotaraino jaitsi zen, eta komunitate baten plataforma jasotzaile bat jarri zen eskailera-zatiak libratzeko edo gainditzeko. Programa horretarako 2015ean ezarritako ia 200.000 euro haietatik 125.000 euro igogailuetarako izan ziren, 57.000 fatxadetarako, 13.500 igogailuak beheraino jaisteko eta 1.500 euro plataforma jasotzailea ipintzeko.  2003. urtetik 2015 urtera bitartean, 450 komunitate edo auzo-erkidegotik gora izan dira diru-laguntza plan hau jaso dutenak; Udalak, 1.200.000 eurotik gora jarri du diru laguntza hauetan.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2016ko ekainaren 20an) argitaratu den aurtengo deialdiak hauxe ezartzen du:

Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak dira diruz lagunduko direnak. Hona hemen diruz lagunduko diren egitekoak: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea; modernizazioak; pegoraraino eta pegoraren eta igogailuaren artean egon daitekeen aldea edo desnibela libratzeko edo gainditzeko, arrapalak, plataforma jasotzaileak, elementuak edo beste obraren bat egitea. Kasu horietan ere, udal diru-laguntzaren zenbatekoa % 10 igo da.

Igogailuak jartzeko diru-laguntzaren zenbatekoa obrari dagokion aurrekontu osoaren % 10 izango da baina gehieneko diru-laguntza batzuk emango dira. Hona: Igogailu  berria  jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 6.600 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotatik jartzeko obra egiteagatik  edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ez da izango 4.950 eurotik gorakoa. Igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 3.300koa izango da emango den gehieneko laguntza, eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 1.650 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa. Beraz, diruz lagundutako zenbateko hori % 10ean igo da kasu guztietan.

Fatxaden kasuan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko xedez egiten diren jarduketak saritzeko joan zen urtean lehenengo aldiz sartu zen nobedade hura aurtengoan ere mantendu egiten da. Udalaren laguntza, hiru aukera hauetatik txikiena izango da: Jarduketa-kostuaren % 10; berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko 4 euro; edo 8 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera % 30ean gutxienez murrizten bada.  Hortik aterako den zenbateko horri, erakunde publikoek fatxadak konpontzeko egitea exijitu dutenagatik sortutako aparteko kostu horren % 20ra artekoa gehi dakioke.

Buletinean gaur bertan atera den deialdiaren arabera, 2016ko laguntzak eskatzeko epea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 11ra arte egongo da zabalik. Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten komunitateek diru-laguntza deia irakur dezakete eta www.eibar.eus udal webgunearen "Tramiteak eta zerbitzuak" ataleko "Bekak, diru-laguntzak eta laguntzak" apartatu horretan sakatu eta eskaera-orriak jaitsi. Eskaerak, Pegora bulegora egin behar dira eskatutako dokumentazioa eskaerari erantsita.