Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Espainiako Vueltaren ordezkariak Eibarren izan dira

2012/02/28

Espainiako Vueltaren hirugarren etapa Arraten amaitzeko 6 hilabete baino denbora gutxiago falta denean, lasterketaren ordezkariak hirira etorri dira etapa hura prestatzera.

Udal ordezkariek lagunduta, Eibarko hainbat lekutan ibili ziren Espainiako Vueltaren sare osoa eratzeko behar diren azpiegitura guztiak jartzeko tokirik aproposenen bila.

Arrate inguruarekin zeharo pozik geratu ziren, han izango baita helmuga abuztuaren 20an. Bestalde, honelako etapa amaiera bat antolatu ahal izateko  leku horrek dituen aukera guztiak azpimarratzekoak zirela aipatu zuten.  Esan behar da helmuga hori beti izan dela mitikoa lasterketa askorentzat, Euskal Herriko Itzuliak eta Euskal Bizikletak lasterketek ere  Arrateko tontorra erabili izan dute. 

Helmugak segurtasun hesi bat izango du jendeak txirrindulariak ondo ikus ditzan; gonbidatuendako harmaila bat ere egongo da, telebista eta irratirako gune teknikoa eta ekipoendako aparkalekua.

Eibarko herriaren erdiko aldean egongo da Untzagako plaza biak hartuko dituen ikuskizun aldea; baita Txaltxa Zelaikoa ere. Hor jarriko dira umeendako jolasgunea, Espainiako Vueltaren babesleek eskainiko dituzten produktuak eta dastalekuak. Herrian, txirrindularitza-giroa nagusituko da.

Bulego iraunkorra Unibertsitate Laboralean edo Hezkuntza Esparruan egongo da. Hor kudeatuko dira antolaketako langileen egiaztagiriak. Itzuliaren administrazio-zereginak hortxe egingo dira; bertan egongo da prentsa-aretoa ere. Kazetariek handik ikusiko dute lasterketa telebistatik.

Taldeen autobusak Azitaingo industrialdean egongo dira. Etapa amaieran han jasoko dituzte txirrindulariak.

Eibarrek hartuko du Vueltaren hirugarren etaparen amaiera, abuztuaren 20an, Arrateko santutegian amaituko dena. Lehenengo mailako mendate hori izango da, hirugarren mailako mendate bi eta bigarren mailako beste mendate bat igaro ondoren, 150 kilometroko etapa motz samar horri amaiera emango diena. Etaparen ibilbideak, sailkapenari begira ez du diferentzia handiegirik izango, talde-buruen erasoak ikusiko ditu. Ezarri zaion zigorra bete ondoren, Alberto Contador ere etortzekoa omen da.

Más información.