Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskualdeko baserri-paisaien balioak agerian jartzeko ekintzak proposatzeko saioa

2013/04/19

DEBEMEN, Debabarreneko Landa Garapen Elkartea, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimenean murgilduta dabil iaztik. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak aztertzeko eta horien erronkak identifikatzeko parte-hartze saio irekiak burutu ziren irailan.

Orain arte proiektu honetan egindako lanak agerian utzi du baserri-paisaiak ez direla edonolako balioak dituzten paisaiak. Oso nabarmena da baserri-paisaiek euskal kulturaren testuinguruan esanahi berezia dutela, bertako nortasuna, historia eta kulturaren oinarrizko elementu direlako, sinbolismoz beteak. XX. mendearen hasieratik nabaria da egun paisaian ikusgai diren hainbat elementu eta ezaugarri beste garai bateko baserriko kulturaren oinordeko direla, onerako eta txarrerako atzean utzitako garaien arrastoa, noizbait herri bezala izan ginen hori gogora ekartzea ahalbidetzen digun ebidentzia. Iragana guregana ekartzeko duten indar hori dela eta eutsi nahi die gizarteak neurri handi batean baserri-paisaiei. Hala ere, etorkizunera begiratzea ere ezinbestekoa da, hurrengo belaunaldiei eskualdeko landa-paisaiei dagokienez utzi nahi diegun herentzia zein izango den guztion artean erabakitzeko, eta egun lur horietan bizimodua irabazten dutenek bizi baldintza duinak izan ditzaten moduak bilatzeko. Bide horretan proposamenak egitea bilatuko du proiektu honen hurrengo faseak, eskualdeko baserri-paisaietarako ekintza zehatzak mahai gainean jarriz.

Beraz, elementu bereizgarriak kontserbatu zein baserri-paisaien balioa agerian jartzeko ekintza aproposenak identifikatzeko saioa burutuko da. Saio horren helburuak aurreko saioetatik ateratako ondorio nagusienak gogoratzea, ekintzen finantziazio modu berriak aztertzea, eta landa-paisaien balioa agerian jartzeko ekintzak lantzea dira.

Saioaren ondoren, proposatzen diren ekintzen zehaztapenean sakonduko da eta horiek eskualdeko administrazioei eta eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko zaizkie, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzeko asmoz. Proiektuaren helburu dira ere lehen sektoreak guztion ongizateari egiten dizkion ekarpenen artean baserri-paisaien balioak mantentzeari dagozkionak azpimarratzea, eta horien inguruan gizartea sentiberatzea, baita eskualdeko baserritarrei haien produktuei beste balio erantsi bat gehitzeko aukera aurkeztea, proiektuaren emaitzak komunikatuz.

DEBEMENEK  Debabarreneko biztanleei dei egiten die apirilaren 24ean, asteazkenean (19.00-21.00) Elgoibarreko KULTUR ETXEKO SOTOAN ospatuko den saio irekian parte hartzeko. Aurrekoetan gertatu zen ez bezala, saio hau bakarra izatea aurreikusten da, eta eztabaidan oinarrituko da, inolako azalpen teorikorik gabe. Saioan parte hartzeko, aldez aurretik konfirmatu posta elektronikoz edo telefonoz (paisaia.atl@paisaia.com, 686 738 152 / 943 335048).