Errefuxiatuentzako elikagai ontziratuen bilketa hartuko du Untzagak igandean

2016/11/25
Udalak antolatu du ekimen solidarioa ‘As Burgas’ Galizia Etxearen laguntzarekin.

Eibarko Udalak errefuxiatuei ontziratutako elikagaiak bidaltzeko bilketa antolatu du; ekimen solidarioa datorren igandean, azaroak 27, izango da. Egun horretan bertan Bakailaoaren Kofradiaren kapitulu berria eta ‘San Andres Saria’ izeneko bakailao prestaketaren lehiaketa ospatuko dira.

Udalak antolatu du elikagaien bilketa Eibarko ‘As Burgas’ Galizia Etxearen laguntzarekin; 11:00etatik 14:00etara gauzatuko da Udalaren arkupeetan, Untzaga plazan.

Ekimen horren helburua da elikagai ontziratuen bilketa egitea. Alde batetik, aldez aurretik egositako eta gozagarririk ez duten lataratutako barazkiak eta lekaleak jasoko dira, hau da, garbi egon behar duten produktuak izan beharko dira eta txorizo, urdaia eta bestelako ongailurik ez dutenak. Produktuen lekualdaketa hoberen errazte aldera, gomendioa da aipatutako produktuak ontzi handietan ekartzea. Bestalde, fruitu lehorrak jasoko dira, hala nola, pikuak eta intxaurrak.

Produktuen bilketa egin ostean, elikagaiak errefuxiatuei bidaltzeaz arduratuko den Zaporeak elkartera eramango dira.

Aipatutako bilketaz gain, iganderako programatutako beste ospakizun gastronomiko batzuk antolatu dira. Goizeko 11:00etan, Bakailaoaren Kofradiaren XXIII. Kapitulua hasiko da, hots, San Andres jaiak ospatu aurretik egiten den ekitaldi tradizionala. Kofradiaren kapituluaren ekintzekin batera ‘San Andres Saria’ XXIV. Bakailao Lehiaketa hasiko da.