Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ermuko Hego-Saihesbidea egiteko obrek itxiaraziko dute Eitzagarako sarbidea datozen asteetan eta hilabeteetan

2016/05/13

Obrek maiatzean, ekainean eta uztailean eragingo diete Eibarko, Ermuko eta Sallabente eta Eitzaga auzoetako eta Gipuzkoa hiribideko bizilagunei. Prozesuaren gaineko argibide gehiago nahi dituztenek informazio zehatzagoa lortu ahal izango dute Interbiak sozietateak herritarrak informatzeko Ermuan jarri duen bulegoan (Izelaieta 2, behea).

Ermuko Hego-Saihesbidea Egiteko Proiektuaren obrek Eitzaga auzora sartzeko errepideari eragingo diote hilabete honetan, ekainean eta uztailean. Orain arte, Eitzagara sartzeko errepidearen gainetik igarotzen diren egituren zimentazioak egiteko obrek eragin diote errepide horri, eta semaforoz kontrolatutako trafiko-etete txandakatuak egin dira. Orain, lan horiek egin ondoren, Eitzagako bidezubien taulak osatuko dituzten metalezko habeak altxatu behar dira. Horrela, ibilgailuentzako atalak zabalera hau izango du: 3,50 m-ko hiru errei, eta 1,50 m-ko bi bazterbide. Azken batean, kontua da zirkulatzeko albait kalitate- eta segurtasun-estandar handienak izatea errepidean.

Beko-Erreka aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu saihesbidearen bidezubiak; Sobrino, Cycasa, Viconsa eta Geotunel enpresek osatzen dute enpresa-elkartea. Aipatutako lanak egiteko, osorik hartu beharko da bidearen plataforma, garabiak eta taulak osatuko dituzten metalezko kajoiak jartzeko.

Eragin handia izango du horrek, pasabidea aldi baterako itxita egongo delako, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat. Horren helburua da lanek inolako arriskurik ez ekartzea herritarrei inongo mementotan. Beko-Errekak exekuzio-plan bat zehaztu du, eta informazio-jarduerak egingo ditu jakinarazteko nolako eragina izango duten obrek, eta sartzeko zein irteteko zer alternatiba dauden, besteak beste.

Eragin nagusiak

Plangintzaren arabera, data hauetarako dago aurreikusita muntatzea: maiatzaren bigarren hamabostaldirako, ia ekain osorako eta uztailaren lehen hamabostaldirako. Maiatzaren 17an eta 24an eragin puntualak egongo dira, eta trafiko-mozketak goizetan. Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean, auzorako sarbidea itxita egongo da 08:00etatik 19:00etara. Ekainaren 6tik 8ra eta 13tik 15era ere, egunez itxiko da sarbidea (08:00etatik 19:00etara); gauetan, berriz, zabalik egongo da. Ekainaren 20an, egunez itxiko da (08:00etatik 19:00etara), hainbat lanetarako eta erremateak egiteko; aste horretako gainerako egunetan, berriz, zabalik egongo da, auzoko San Pedro jaiak direla-eta.

Bestetik, uztailaren 4tik 8ra, auzorako sarbidea egun osoz egongo da itxita. Dena dela, aurreikusita dago salbuespen puntualak egitea mugigarritasun murriztua duten pertsonentzat eta oinez doazenentzat. Kasu horietan, pertsonalizatutako txartelak banatuko zaizkie bizilagunei, eta obrako langileei eman beharko zaizkie euren etxebizitzetara joateko pasatu behar dutenean. Horrelakoetan, lanak geldituko dira obra egiten ari direneko gunetik igaro ahal izateko, edo, bestela, enpresak ibilgailu bat jarriko du pertsona horiek eroateko. Sallabente ikastetxetik Olaetxe baserrira doan tarteari ez dio eragingo bidea ixteak, eta Rada eta Ego aluminio-lantegiek jarraitu ahal izango dute beren jarduerarekin.

Gainerako ibilgailuek N-634 errepideko desbideratzea hartu beharko dute, Areition, eta handik AP-8rekin paraleloan doan hormigoizko pistatik jarraitu beharko dute Eitzagaraino. Bestalde, Aixola presara joan nahi dutenek, Elgetatik edo Areitiotik (Santa Marina) joan beharko dute hara.

Azkenik, uztailaren 11tik 13ra bitartean, 08:00etatik 19:00etara itxita egongo da Eitzagara sartzeko errepidea, eta gauetan zabalik.

Informazio zehatza

Hartutako estrategia da aldiro-aldiro ematea proiektua nola gauzatzen ari den berri Eibarko eta Ermuko biztanleei eta gertuen dauden auzoetako biztanleei, baita Zaldibarko udalari ere.

Edozelan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Interbiak sozietateak Ermuan daukan herritarrak informatzeko bulegoak (Izelaieta kalea 2, behea) koordinatuko ditu komunikazioak, eta informazio zehatza emango die nahi duten pertsonei.