Enpresek ingurumen-araudia noraino betetzen duten jakiteko laguntza-proiektua jarriko du martxan Eibarko Udalak

2017/02/06
Proiektua Ermuko Udalarekin eta hango Margube enpresarekin batera egingo du. Asmo honi esker enpresek aurrea hartu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak finkatutako eskakizunei.

Eibarko eta Ermuko udalak elkarlanean arituko dira, eta, Ermuko Margube enpresaren eskutik, proiektu bat jarriko duten martxan, bi herrien inguruetako enpresek ingurumen-araudiarekin dituzten arazoak eta premia nagusiak antzemateko: arauek finkatzen dituzten eskakizunak zenbateraino errespetatze dituzten aztertu eta horiek ondo betetzeko behar diren moldaketak egiten lagunduko diete enpresei.

Proiektuaren lehen fasea Margube enpresaren esku utziko dute; Margube ingurumen-gaietan aditua da eta eskualdean bertan dago. Fase horretan, hasierako diagnosia egingo diote hala eskatzen duen enpresa orori, debalde; besteak beste, enpresek zer hondakin sortzen duen aztertuko dute, beren kasuan zer araudi aplikatu behar duten baloratu eta hobekuntza-aukerak bilatuko dituzte.

Bigarren fasean, eta lortutako emaitzen arabera, enpresa bakoitzak, banaka eta haien kontura, hobekuntza- eta zuzenketa-neurriak diseinatu eta aplikatuko ditu, ziurtatzeko haren jarduna ingurumen-araudiaren barruan dagoela.

Hasierako diagnosiko emaitzak, berriz,  udalen esku utziko ditu Margubek, udalek ondo azter ditzaten eta, hala badagokio, kontuan har ditzaten ingurumeneko ekintza-planak eta alternatibak diseinatzeko orduan. “Proiektu hau oso garrantzitsua da; batetik esango digulako enpresek zenbateraino betetzen dituzten ingurumen-eskakizunak, eta, bestetik, Ermua eta Eibarren arteko elkarlanak neurri eraginkorragoak ekarriko dituelako etorkizunean”, azaldu du María Benitok, Margube enpresako arduradunak.

Eibarko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi da Jon Iraola, eta gogora ekarri digu hainbat proiektu abiatu zituztela duela bederatzi urte, ingurumen gaietan konpromiso eta sentsibilizazio handiagoa lortze aldera. “Ekimen hari eskerrak, aurrerapauso handiak egin ziren: lizentziak eta baimenak berritzea edo hondakinak batera jasotzea”. Tamalez, “krisialdiak bertan behera utzi zituen lan haiek, eta, orain, ordukoari eutsi nahi diogu, enpresei laguntza eskainiz”.

Gainera, proiektu honetan parte hartzen duten enpresek aurrea hartu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzaren Sailburuordetzak ezarritako eskakizunei. Izan ere, Eusko Jaurlaritza ikuskapenak egiten dabil 2011-2018 Ingurumen eta Ikuskapenerako Planaren baitan: arlo desberdinetako enpresei jakinarazpena bidali eta ondoren ikuskaritza egiten die.

Ikuskaritza horien bidez, enpresek araudia zenbateraino betetzen duten kontrolatzen dute, eta, horretarako, bi gauza egiten dituzte: ingurumen-gaiei buruzko dokumentazioa berrikusi (udal-lizentziak, atmosfera, hondakinak, ontziak, lurzoruak eta urak) eta instalazioak xehe-xehe ikuskatu.

Otsailean zehar, Eibarko Udalak eta Ermuko Udalak gutunak bidaliko dizkiete eskualdeko enpresei, gero hitzordua jarri eta proiektuaren berri emateko.