Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Enplegurako bidea' programan parte hartzeko eskatzeko epea otsailaren 28an amaitzen da; programak Eibarko gizarte-egoera ahuleko taldeak lan munduan sartzea erraztuko du

2017/01/04

Ekimen horren bitartez, ehun bat pertsonarengan arreta jarri nahi da; % 40 bai ikuspegi pertsonaletik bai teknikoki prestatuko dituzte. Programan parte hartzeko interesa dutenek eskaera orria bete eta Pegoran aurkez dezakete, inprimakian zehaztutako dokumentuak erantsita. Eskaera-inprimakia Pegoran eta udal webgunean dago eskuragai. Programaren kostua 244.300 eurokoa da eta Udalak bultzatzen duen Enplegu Planaren barruan kokatzen da; Udalak finantzatuko du bere osotasunean, Lanbidek ez baitu programan parte hartuko “aurrekontu-exekuzio arrazoiengatik”.

Eibarko Udalak abian ipiniko du proiektu bat gure hirian gizarte-egoera ahuleko taldeak lan munduan sartzeko beharrei erantzuteko. Maila teknikoan zein garapen pertsonaleko ikuspegitik eskainiko den formakuntza espezifiko baten bitartez –enpresetan praktika profesionalekin osatuko da–, formakuntza aldetik prestakuntza baxua duten kolektibo ugari trebatzea nahi da (emakumeak, gazteak, denbora luzeko langabetuak edo beste batzuk). Hala, enpresek gehien eskatutako lanbideen konpetentziak arrakastaz egitea lortuko dute.

Ekimena bultzatzerakoan, Udalak kontuan izan du Eibarren eta eskualdean egungo langabeziaren egoerak erakusten duela langabetuen % 70 oinarrizko formakuntza gainditzen duen prestakuntzarik ez daukala. Makina erremintaren sektoreak eta automobilgintza laguntzaileak menperatzen duten lan merkatuaren ingurunea da gurea, eskakizun zorrotzekin lanpostu bat lortzeko ezagutza, trebetasun eta jarreretan.

Formakuntza proposamena prozesu bakarrean oinarritzen da ekimen independente ezberdinekin, kolektiboen eta beharren arabera. Lehenengo fasean, orientazio- eta segmentazio-zerbitzua eskainiko zaie parte-hartzaileei. Bigarren fasean, oinarrizko formakuntza landuko da eta prestakuntza oinarrizko konpententzietan emango zaie parte hartzen dutenei. Hirugarren faseak garapen pertsonala izango du hizpide eta beharrezko konpetentzia pertsonal eta emozionalak aztertuko dira parte-hartzaileekin. Laugarren fasean prestakuntza espezifikoa landuko da, sektore industrialarena, alegia. Bostgarren eta azken fasean arreta jarriko da laguntza lan merkaturatzean. Fase horretan, lana topatzeko plan pertsonalizatua ezarriko da.

Programan parte hartzeko interesa dutenek Pegoran aurkez dezakete eskaera orria behar bezala beteta eta inprimakian zehazten diren dokumentuekin batera. Eskaera-orria Pegoran eta www.eibar.eus udal web orriaren 'Tramiteak eta zerbitzuak' atalaren 'Bestelakoak' azpiatalean dago eskuragai. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 28ra arte dago zabalik.

Udal proiektu hau Enplegu Planaren barruan kokatzen da; PSE-EE, Irabazi eta Eibarko EAJ-PNV Udal Taldeen artean adostutako zuzenketa baten onarpenaren ondorioz aurrera atera zen 2016ko udal aurrekontuak onartzeko.