Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek

2017/03/08
Horretarako, Udalak Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du.

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eibarko Udalak Martxoaren 8aren inguruko honako adierazpena onartu du:

"Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete.

Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan.

Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeak honakoa xedatzen du:

  • Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute.
  • Profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzea.
  • Zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea.

2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere.

Euskadin gehiengoa duten sindikatuen artean, batean soilik dago emakume bat Idazkari Nagusi; era berean, Euskadin egoitza duten erakunde finantzarioetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk, eta erabakitzeko organo garrantzitsuenetan %22,6 soilik dira emakumeak.

Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan.

Egoera horren jakitun, Eibarko Udalak onartzen ditu honako konpromiso hauek:

  1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea.
  2. Bereizitako estatistikak eta erremintak garatzea tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egiteko.
  3. Emakumeak hauteskunde zerrendetan hautagai izatera animatzea eta alderdi politikoek gizon eta emakumeen parte hartze orekatua errazten duten mekanismoak txerta ditzaten sustatzea.
  4. Parte-hartze sozio-politikoa eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea.
  5. Jokabide edo lenguaia estereotipatuek zein beste edozein eratako jazarpenek hautetsiei eragin diezaietela ekiditea.
  6. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea.
  7. Genero ikuspegia sartzea Politikan eta udalerrian egindako herritarren partaidetzarako prozesuetan".

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz antolatu den egitaraua kontsultatzeko SAKATU HEMEN.