Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Elkartasuna Perurekin: 2.000 euroko laguntza humanitarioa bidaliko du Eibarko Udalak

2017/03/21

Bozeramaileen Batzordea bildu da gaur goizean, eta erabakia onartu dute: Peru larrialdi egoeran utzi duten uholdeen kalteei aurre egiteko dirua bidaliko da Egoaiziaren bitartez. Joan den apirilean eta urrian ere berdin jokatu zen, 5.000 € bideratu ziren Ekuador eta Haitira Hondamendi naturaletarako dohaintzak partidatik.

Eibarko Udalak 2.000 € bidaliko ditu Perura, inoiz sufritu dituzten uholderik larrienei aurre egiten laguntzeko. Gaur goizean hartu dute erabakia Bozeramaileen Batzarrean, eta Egoaiziak (garapenerako elkartea) hartuko du ardura dirua Hego Amerikako herrialdera bidaltzeko.

Udalak elkartasuna adierazi nahi die perutarrei; eurite handiek eta ekaitz elektrikoek milaka etxe hondatu dituzte, asko adobez egindakoak. Horrez gain, nekazal uztak eta azpiegitura handiak ere izorratu dira eta milaka kilometro errepide eta zubi kaltetu. Gainera, ibar batzuk erabat isolatuta geratu dira, eta horrek bertakoen bizitza larriki estutzen du.

70.000 lagun inguru kaltetu ditu hondamendiak, 14.000 Piuran; eta 70 hildako ere kontatu dituzte jada.

Hainbat elkarteek larrialdi-deia egin dute kaltetuen hainbat premia diruz laguntzeko eskatzeko: lehenengo laguntzak eta osasuna, laguntza psikosoziala, ura tratatzeko bitartekoak, saneamendurako laguntza eta norberaren higienerako gauzak. Horiez gain, bestelako ondasunak eta oinarrizko zerbitzuak ere helaraziko dizkiete herritarrei: arropak, ur edangarria, jatekoak eta haurrentzako hezkuntza. Laguntza horrek guztiak kaltetuen sufrikarioa arintzeko asmoa du.

Cipca nekazal jarduna eta ikerkuntza bultzatzeko erakundea da, eta bera ari da Piuratik gertuen dauden hainbat herrietan laguntza ematen: erakundeko 50 bat lagun daude inguru hartan kalteak neurtzen eta inguruko premiak identifikatzen. Cipcaren laguntza-eskaera Egoaziria elkartera iritsi zen eta bertatik Udalarekin harremanetan jarri dira.

Hondamendi naturaletarako urteko partida

Elkartasun sozialaren programaren baitan, Hondamendi naturaletarako dohaintzak partida onartzen du Udalak urtero, eta aurtengoak 6.000 € ditu. Kopurua urtean sortzen diren premien artean banatzen da, munduko edozein puntan badaude ere.

Azken bi urteetan, 12.000 € bideratu ditu Eibarko Udalak hainbat tokietako larrialdi-egoerak arintzeko: Nepal, Sahara, Ekuador, Haiti eta Mediterraneo itsasoko etorkinen krisia.