Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak onartu du beste deialdi bat "Umeak eskolara" eta "Diru-laguntzak Ikasleei" ikasleei laguntzeko programetarako, 2016-2017 ikasturterako

2016/07/07

Udalak 258.800 euro bideratu ditu kanpainarako; horri esker, ikasle bakoitzak 61,10 euro jaso ahal izango ditu hiriko dendetan erosketak egiteko. Ekimenaren bidez, familiei lagundu ez ezik, Eibarko saltegien erosketak sustatu eta biziberritzen lagunduko da.

Aurten ere, Eibarrek mantenduko ditu “Umeak eskolara” eta “Dirulaguntzak Ikasleei” programak; ikasleei laguntzeko ekimen horren bidez, ikasle bakoitzak 60,10 euro jaso ahal izango ditu hiriko dendetan erosketak egiteko. Udalak onartu du kanpaina horren aurtengo edizioa abian jartzea; orain dela 16 urtetik hona egiten ari da kanpaina, eta zuzentzen zaie eskolara joateko adineko seme-alabak dauzkaten edo ikasketa arautuak edo okupazionalak egiten ari diren seme-alabak dauzkaten familiei.

Udalak onartu du guztira 258.800 euro bideratzea ekimen biak egiteko aurten: horietatik, 188.800 euro 2 eta 15 urte bitarteko umeei zuzendutako “Umeak Eskolara” programarako izango dira, eta 70.000 euro, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako “Diru-laguntzak ikasleei” programarako.

Aurreko edizioetan bezala, eskaera bakoitzeko 60,10 euro lortuko dira gehienez honako hauek lortzeko gastuak ordaintzeko: arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskolako material —testu-liburuak izan ezik—, betaurrekoak eta lentillak. Gainera, Eibarko saltegien erosketak sustatu eta biziberritzen laguntzeko, Eibarko dendetan egin behar dira diruz lagunduko diren erosketak, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

Erosketa bakoitzaren faktura diru-laguntzaren titularraren izenean egin behar da, eta argiro eta modu laburrean adierazi behar dira zer produktu erosi diren. Eskaerak aurkezteko epea 2016ko irailaren 1ean hasi, eta urriaren 31n bukatuko da.

“Umeak Eskolara” programaren onuradun izan daitezkeen pertsonek gutun bat jasoko dute irailaren 1etik aurrera, eta “Diru-laguntzak ikasleei” programaren onuradun izan daitezkeen ikasleek Pegoratik pasatu beharko dute diru-laguntza jasotzeko baldintzak azaltzen dituen dokumentazioa hartzera. Eskaera-orria eta aurkeztu beharreko dokumentazioa “Eibar Merkataritza Gune Irekia” elkartearen bulegoan aurkeztu beharko dira: Untzaga plaza 7, behea 3 (Artola jatetxearen ondoko lokala).

“Umeak Eskolara” programa zuzentzen zaie 2001eko urtarrilaren 1etik eta 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako umeen gurasoei edo tutoreei. Umea Eibarren erroldatuta egon behar izan du etengabe 2016ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra.

“Diru-laguntzak Ikasleei” programaren kasuan, 1991ko urtarrilaren 1etik 2000ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek, baldin eta Eibarren erroldatuta egon badira etengabe 2016ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra, eta ikasturteak adinako iraupena (gutxi gorabehera) duten ikasketa arautuak edo okupazionalak egiten ari badira (masterrak eta doktoretzak ere barne). Prestakuntza osagarria ez da sartzen (hizkuntzak, erabiltzaile-mailako informatika, gidabaimena…).

Eibarko Udalak, programa bien bidez, Eibarko familiei eramangarriago egin nahi die ikasturtearen hasiera aldean egiten duten gastua. Laguntza hauek, gainera, beharrezkoago egin dira azken urteotan krisiak ekarri duen egoera ekonomikoaren ondorioz.