Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ekintzailearen Euskadiko Azoka asteazkenean Eibarren

2013/02/04

Euskadi osoko LHko ikasleek beraiek sortutako enpresetako produktuak salduko dituzte, prestakuntzaren alderdi praktikoa lantzearren.

Untzaga plaza izango da, bigarren urtez jarraian, Euskadiko ekintzailetza azokaren topaleku eta bilgune, goi-mailako eta maila ertaineko prestakuntza zikloetako ikasleen elkargune. Datorren eguaztenean, hilak 6, gazteek sortutako ehunen bat enpresa izango dira beraien produktuak erakusten, goizeko 10:30etatik arratsaldeko 14:00etara. Ekimen hori, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Tknikaren bitartez (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren bitartez), koordinatzen du erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleei zuzendutako Enpresa Gazte Hezitzailea programaren barruan.

 

Joan zen urtean egin zen Eibarren aurreneko aldiz eta arrakasta handiz gainera. Aurtengoan, berriro ere, Eibarren izango da. LHko ikasle horiek Azokan parte hartzeak asko aberasten du ikasle horien prestakuntza; azoka horrek salmenta lantzeko eta denak biltzeko aukera ematen die, benetako enpresak bailiren.

 

Ikasleek enpresa txiki bat sortzen dute eta enpresaren jarduera guztiak egingo dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, eta abar). Produktu errealak izango dira, beraiek egindakoak edo merkaturatutakoak. Beste enpresa batzuekin salerosketa eragiketak egin eta banketxeekin hartu emanak izaten dituzte. Enpresa horiek ikasturteak irauten duen besteko iraupena izaten dute, eta ikasturte amaieran enpresa betiko ixten da.

 

Heziketa-programa bat da, ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen dena. Proiektu horren helburuen artean dago enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna, negoziazioa, eta abar). Gainera, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu nahi da ikaslea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.


Enpresa Gazte Hezitzailea programak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortzen du, eta ikaskuntza-metodologia bereziki praktikoa erabiltzen du. Programak teknologia berrien erabilera hartzen du aintzat (posta elektronikoa, bideokonferentzia, atzerriko hizkuntzen erabilera, eta abar), gaur egungo informazioaren gizartean ezinbesteko lan-tresnak eta komunikazio-tresnak baitira, hizkuntza ezberdinak ere erabiltzen ditu.

 

Aurreneko edizioan, EGH enpresen txapelketan, "Noise" eskola-kooperatibak irabazi zuen saria. Eibarko Armeria Eskolako ikasleek eratutakoa zen, Oier Murua, Asier Airas eta Oscar Alvarez ikasleek sortutakoa, eta eskuz pintatutako kamisetak saltzen zituzten, marrazki bitxi eta bereziekin pintatutakoak.