Eibarrek txorrotako ura kontsumitzeko kanpaina bati ekingo dio hil honetan

2016/10/05
Kutxa Ekoguneak ere parte hartuko du ekimenean, helburu nagusia izanik uraren kontsumo-ohiturak aldatzea jendearen artean. Horretarako, pitxerrak banatuko dira taberna eta jatetxeetan. Udalak ere txorrotako ura erabiliko du antolatzen dituen ekitaldietan, eta baita udal instalazioetan ere.

Hil honetan kanpaina berri bat egingo da Eibarren txorrotako ura erabiltzera bultzatzeko botilako ura kontsumitzen den lekuetan (ostalaritza, jatetxeak, hitzaldiak edo bestelako ekitaldiak), txorrotako uraren kalitateari balioa emateko helburuarekin. Egitasmoak jatorria du Ekogunea entitatea Gipuzkoako lurralde osoan egiten ari den “Etxeko ura” kanpainan, eta modu bateratuan eramango da aurrera bi entitateen artean.  

Ekoguneak eskaintza bat egin zion Eibarko Udalari egitasmo honetan parte hartzeko, eta PSEk eta Irabazik mozio bat aurkeztu zuten “Udal Gobernua egiten ari den lana babestuz; izan ere, Udalak informazio-kanpaina bat egingo du ur botilak murrizteko eta txorrotako ura erabiltzera bultzatzeko asmoz”.

Egitasmoak bere baitan hartuko ditu kanpainaren motiboekin serigrafiatutako ur-pitxerrak, komunikazio-plana, zabalkundea eta publizitatea, eta materialaren banaketa. Kanpainaren aurrekontua 10.928,56 euro-koa da. Horietatik, Kutxa Ekoguneak jarriko ditu 8.923,23 euro eta gainontzekoa, hau da, 2005,23 euro, Eibarko Udalak.

Kanpainaren hartzaileak dira ostalaritzaren sektorea (jatetxea, tabernak, hotelak),  ekitaldiak antolatzen diren instalazioak (zentro kulturalak, ikastetxeak, enpresak) eta herritarrak orokorrean; lortu nahi dena da haiengan guztiengan eragitea ur-kontsumitzaile diren aldetik, etxean zein etxetik kanpo. Osatalaritzaren kasuan, Eibarko  establezimenduak gonbidatuko dira egitasmoan parte hartzera. Aurreikuspenen arabera, hogeita hamarren bat izan daitezke. 

Gainera, eta PSEk eta Irabazik onartutako mozioan oinarrituta, proposatu da Udalak antolatutako ekitaldi guztietan txorrotako ura zerbitzatzea pitxarretan. Eta, halaber, eskatzen da hitzaldiak, mahai-inguruak, topaketak eta halakoak egiten diren zentro zibikoetan eta udal instalazioetan aukera egon dadila pitxerrak eta edalontziak egoteko, txorrotako ura zerbitzatzeko.

Kanpainaren sustatzaileek diotenez, ur mineralaren aldeko argudioen artean, sarritan aipatzen dira segurtasuna, osasuntsuagoa izatea eta zapore hobea edukitzea. “Badakigu argudio horiek ez dutela pisurik Gipuzkoan  txorrotako uraren kasuan, eta, horrez gain, ur mineralaren aztarna ekologikoa nabarmen handiagoa dela, bereziki, botilaratzeari eta garraioari dagokionez.

Hala, kanpaina honen bidez, mezu hirukoitza helarazi nahi da:  Gipuzkoako ura kalitate handikoa dela; plastikozko botilak erabiltzeak berekin dakartzala kontsumo energetiko handiagoa, garraioa eta hondakinak, eta horiek guztiak kudeatu behar direla;  eta, azkenik, etxetik kanpo ere eskatu edo eskaini daitekeela txorrotako ura. 

Orobat, kontuan izan behar da mundu mailan 2,7 milioi tona plastiko erabiltzen direla ura botilaratzeko, eta ontzi horietako asko eta asko zuzenean botatzen direla zaborretara; %. 20 bakarrik erreziklatzen da. Ez da ahaztu behar plastikozko botila bat  biodegradatzeko 1000 urtetik gora behar direla.

etiketak: , , ,