Eibarrek Turismo Bulegoa izango du

2016/10/06
Proiektuak hiru fase izango ditu. Lehenengoan, pertsona bat kontratatuko da Bulegoa martxan jarri aurretik egin beharreko lanak prestatzeko. Gainera, lehen fase horretan, zehaztu egingo dira editatu eta banatuko den materiala, zerbitzuaren oinarrizko antolaketa, eta egitasmoan parte hartuko duten eragileekiko harremana, hala nola hotel, komertzio, ostalari, beste turismo bulego edo enpresekin.

Udala dagoeneko ari da lanean Eibarrek aurki Turismo Bulegoa izateko. Ekimena faseka garatuko da. Udal arduradunen iritziz, herriak potentzialtasun handia dauka turismo aldetik eta gero eta premia gehiago arlo horretan. Hori kontuan izanik, beharrezko ikusten dute bisitariari arreta egiteko eta informazio emateko zerbitzu bat izatea.

Udalak proiektua justifikatzeko landutako proposamenean gogoratzen da Eibar, 27.500 biztanle inguruko herria, Gipuzkoako laugarren hiria dela, hiriburuaren, Irunen eta Errenteriaren atzetik. Azpimarratzen da, halaber, eskualdeburu den aldetik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erdian kokatua egoteagatik, bere industria- eta zerbitzu-sareagatik, hiru hiriburuekin eta inguruko eskualdeetako herriekin dituen komunikazioengatik, ziurta daitekeela bisitari ugari jasotzen dituen herria dela.

Proiektu honekin, Eibarko Udalaren asmoa da herriaren turismo eredua “definitzea”. Eibarko kasuan, modeloa, kostaldeko herriekin alderatuta, —non jarduera nagusia hondartza-turismoan eta naturan oinarritzen den—, produktuari lotuago egotea nahi da.  

Lehen fasea

Turismo Bulegoa ezartzeko lehen fasean pertsona bat kontratatuko da sei hilabeterako eta honako lan hauek egingo ditu: banatuko den materiala zehaztu eta editatu, zerbitzuaren oinarrizko antolaketa prestatu, beste eragile batzuekin harremanetan jarri (hotelak, komertzioak, ostalariak, beste turismo bulego batzuk, enpresak) eta Turismo Bulegoa martxan jarri.

Lehen fasean, “martxan jartzea eta dauden premiak aztertzea (bisitariei harrera egitea eta informazioa ematea)”, herria sustatzeko material informatiboa prestatuko da bisitariei harrera egiteko eta informazioa emateko hainbat gairen gainean: zerbitzuak, agenda eta herrian dauden produktu eta baliabideak.

Hori guztia, kontuan izanik Eibarrek milaka bisitari jasotzen dituela urtero, hainbat arrazoi tarteko: industria, komertzioa, kirolak, kultura, jaiak, teknologiak, heziketa edo historia.

Lehen fasean, halaber, harrera- eta informazio-zerbitzu ez-presentziala ezarriko da, erantzun ahal izateko telefono bidez, e-mailen edo web orrien bidez egiten diren eskaerei. Fase horretan, garrantzizkoa izango da harremanetan jartzea herriko beste eragile batzuekin, helburua izanik haien iritziak eta premiak jasotzea, aukera berriak identifikatzea, aliantzak aurkitzea eta sinergiak sortzea.

Bulegoaren lehen helburuetako bat izango da harrera- eta informazio-jarduerak azkar ematea modu objektibo pertsonalizatuan informazio osoa eta sinesgarria eskainiz; hala, turistei lagundu ahal izango zaie herriaren zerbitzuei buruzko informazio izaten, eta baita Euskadiren berri izaten ere. Horretarako, eskuragarri egongo da herriko baliabide eta gune turistiko guztiei buruzko informazio dokumentatua.  Gainera, turistek hala eskatuz gero, informazio osagarria emango da eta aholku orokorrak eskainiko dira ostatuen logelei, prezioei eta  baldintzei buruz

Bigarren fasea

Proiektuaren bigarren fasean, —jada Turismo Bulegoa martxan eta publikoari zabalik dela—, aukera, zerbitzu eta produktu berriak garatuko dira, hala nola bisita gidatuak saltzea, txangoak, “Eibar Card”, edo sarrerak saltzea beste instalazio batzuetarako.  Izan ere, gogorarazi nahi da Eibarko erdigunean 164 plaza dituen hotela dagoela, zeina turista taldeen merkatuan dagoen sartuta okupazio tasa handiarekin eta, halaber, futbol-jarraitzaile ugari etortzen direla herrira hamabostean behin, eta horrek aprobetxatu beharko diren aukerak sortzen ditu.

etiketak: , ,