Eibarrek Esku-hartze Plan bat abian jarri du adineko pertsona "zaurgarrientzat", menpeko pertsonentzat eta zaintzaileentzat

2016/01/14
Lehenengo fasean, informazioa bilduko da, eta egoeraren diagnostikoa egiteko lantaldeak antolatuko dira gizarte-eragile, osasun-langile eta elkarteekin. Adindu enpresak, Udalak kontratatutako enpresa, idatziko du Esku-hartze Plana; honetan hainbat neurri zehaztuko dira pertsona horien beharrizanei erantzuteko eta berorien bizi-kalitatea hobetzeko.

Eibarko Udalak, Gizartekintza Sailaren bidez, Esku-hartze Plan bat abian jarri du adineko pertsona “zaurgarrientzat”, menpeko pertsonentzat eta zaintzaileentzat. Adindu Gerontologia Zerbitzuak enpresak gauzatuko du ekimena, eta udal teknikari batek ikuskatu eta lagunduko dio.

Lan honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, mapa bat egitea ezagutzeko, “adineko pertsona zaurgarri” izena ematen zaion kolektiboaren (talde horren barruan eguneroko bizimoduan zailtasunak dituzten 80 urtetik gorako pertsonak sartzen dira, nahiz eta mendetasun arazorik eduki ez), mendetasun egoeran dauden pertsonen eta zaintzaileen gaur egungo egoera eta beharrizanak.

Eta, bestetik, Esku-hartze Plan bat egiteko helburua du, jarraibideak eta jarduera zehatzak ezartzeko ikergai den kolektibo horren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetze aldera.

Plana egitean erabiliko den metodologian, lehentasuna izango du egingo den prozesuaren protagonistak adineko pertsonak beraiek izateak; horretarako, Planaren sustatzaileek bultzatuko dute proiektuaren helburu diren hiru taldeek parte hartzea: adineko pertsona zaurgarriek, mendetasun egoeran dauden pertsonek eta berorien zaintzaileek.

Horrela, helburu hori lortzeko, bi fasetan banatuko da proiektua. Lehenengo fasean, adineko pertsona zaurgarrien, mendetasun egoeran dauden pertsonen eta zaintzaileen diagnostikoa egingo da. Horretarako, datuak biltzeaz gain, parte hartzeko taldeak eratuko dira: taldeotan, hiru kolektibo horietako pertsonak egongo dira. Fase horretan, galdetegiak banatuko dira, eta, horrez gain, bisitak egingo dira pertsonen etxeetara.

Lanaren lehenengo fase hau egiteko, Adindu enpresaren esku jarriko dira aztergai diren taldeez Udalak dituen datu, dokumentu eta txosten guztiak, baita Euskadi Lagunkoia (adineko pertsonen lagun diren hirien sarea) proiektuko datuak, sare horretako kidea baita Eibar. “Biztu” Eibarko erretiratuen etxeen koordinakundearen eta Adinekoen Kontseiluaren laguntza oso garrantzitsua izan da Euskadi Lagunkoia proiektuan.  

Halaber, beste informazio-iturri bat izango da suteen kontrako sistemak jartzeko adineko pertsonen etxeetan Udala egiten ari den proiektua.

Parte-hartzeko bilera fasea urtarrilaren 18tik aurrera

Informazio hori guztia bilduta, bigarren faseari ekingo zaio. Horretan, bilerak egingo dira gizarte-sektoreko profesionalekin (gizarte-langileak, etxerako laguntzako eragileak), biztanleriaren sektore honekin lanean diharduten osasun arloko langileekin (Eibarko osasun zentroetako mediku eta erizainak), baita talde horiekin lanean diharduten elkarteekin, edo hirian Alzheimerra edo Parkinsona duten pertsonei laguntzea helburu duten elkarteekin. Parte-hartzeko bilera fasea datorren astelehenean hasiko da, urtarrilaren 18an.

Prozesuan bildutako dokumentazioari eta parte hartzeko taldeetan jasotako datuei esker, Esku-hartze Plana garatu ahal izango da, eta zehaztu ahal izango da zer jarduera egingo diren hurrengo hilabeteetan: hala nola, etxebizitzetan bertan laguntza teknikoak eskaintzea, zaintzaileentzako formakuntza-ikastaroak, edo Planetik bertatik atera litekeen beste edozein jarduera.