Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek energia berriztagarrien alorrera hedatuko du bere prestakuntza-eskaintza.

2011/03/11

Orain dela gutxi Eibarrek Zientziaren eta Berrikuntzaren hiri legez jaso duen sariak, hiriak teknologia berrien alde azken aldi honetan egin duen apustu garbi hori saritu du.

Saria eskuratzeagatik autoatseginkerian erori ordez, hiriak ildo hori jorratu nahi du eta hala jakinarazi dio Isabel Celaá Hezkuntza sailburuarekin orain dela egun gutxi Gasteizen Eibarrek duen proiektu berria aurkezteko izandako bilera batean.Apustua garbia da: heziketa-eskaintza teknologia berrien alorrera hedatzea.

Sailburuarekin izandako bilera hartara Miguel de los Toyos alkatea hiriko hainbat erakundetako ordezkariekin joan zen: Debegesa, Armeria Eskola Ikasle Ohien Elkartea, Armeria Eskola, IK4 eta Tekniker. Osagarriak eta aldi berean paraleloak diren 2 esparrutan dihardugu: Eusko Jaurlaritzak esparru bi horiei argi berdea ematea da helburua. Unibertsitatearen kasuan, zentroak energia berriztagarrietan oinarritutako Ingeniaritza ikasketak eskainiko lituzke; Armeria Eskolak bere aldetik esparru berberera zuzendutako Lanbide Heziketako titulazioa emango luke. Horrela, helburu horiek lortuz gero, ikasleek, energia berriztagarrietako ikasketa guztiak bertan egingo lituzkete goi-mailako prestakuntza lortu arte.

Historian zehar, Eibarrek beti jakin izan du gauza eta sasoi berrietara egokitzen, gerrate zibila amaitu zenean bezala, orduan ere, herriko fabrikek, bidea zabaltzen jakin izan zuten eskatzen ziren produktu berrietara moldatuta. Gaur egun ere, Eibarren, oraindik indarrean dago izateko modu ekintzaile hori, eta prestakuntza energia berriztagarrietara aplikatzeko proiektu berri hau horren erakusgarri edo adibide da.