Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek astelehen honetatik bertatik du Madrilera eta Barajaseko aireportura zuzenean joateko autobus linearen geltokia

2015/09/22

Udalak geltoki hori Eibarren izateko eskaera egin eta Sustapen Ministerioak baietza eman dio.

Eibarrek, egunero, Madrilera eta Barajaseko aireportura zuzenean joaten den Alsa konpainiako autobus linearen geltokia du astelehen honetatik bertatik, irailaren 21etik aurrera alegia. Egogain kaleko autobus geltokitik 16.40an aterako da autobusa, Barajaseko aireportura (T4 terminalera) 21.30etan iritsiko da, eta Madrilera 21.40an (Madrilen, Avenida de América kalean). Madrildik itzultzeko ordua 9.00etan izango da (Avenida de América kalean) eta aireportutik 9.15ean (Barajaseko aireportua). Handik datorren autobusa Eibarrera (Egogain kalea) 14.15ean helduko da.

Zerbitzu berri hau astelehen honetan bertan jarri zen martxan. Txartelaren prezioa –ALSAren webgunean eta konpainiak dituen saltokietan- 30,88 eurokoa da  (Eibar-Madril edo Madril-Eibar egiteko); joan-etorriko txartelaren prezioa 61,76 euro da.

Konexio hori Eibarko Udalak egin duen bitartekaritza lanari esker lortu da, izan ere, Udalak Sustapen Ministerioaren Lurreko Garraio Zuzendaritzara jo baitzuen.  Egin zen eskaera hauxe izan zen: Nex Continental-Alsa enpresaren Irun-Madril autobus-linea —A-8 autobidetik AP-1 autobide hartzen duena, aurrenik Gasteizera eta handik Burgosera—  Eibarreraino heldu eta hemen geraleku bat izatea. Eskaria handia zelako  eta bidaiarien onerako zelako egin zen eskabidea, izan ere, bidaia-denbora gutxiago egiteaz gain, bidaiariek, linea hori edukita, errazago hartuko baitituzte Madrileko gainerako konexio guztiak.

Orain baietza jaso duen Udalaren proposamenak helburu hau du: Eibartik, Burgosera, Madrilera eta Barajaseko aireportura joan behar duten bidaiariei konexioak erraztea, izan ere, orain arte, hara joateko,  Bilbora joan beharra izaten baitzuten, autobus aldaketa egite horrek ekartzen duen denbora-galtzearekin eta deserosotasunarekin.

Udala ahalegintzen ari da EHUko Leioako campusera doan Bizkaibus linean Eibar sar dadin.

Eibarko Udalak denbora bat darama lanean ikasleek Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusera joateko autobus zerbitzu bat izan dezaten.  Gaur egun, Leioara joan nahi duten ikasleek, Ermuara joan behar izaten dute, linea handik abiatzen baita.

Udalak uste du Administrazioekin eta eragileekin (Foru Aldundia eta Bizkaibus) egiten ari den gestioak aurrera egingo duela eta eskaera kontuan hartuko zaiola, Bizkaibusek betetzen den linea horretan Eibar ere sartuta.