Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko zezen plazako aisialdi eremu egin berria zapatuan inauguratuko da eta egun horretan jokoak eta jolasak izango dira nagusi

2016/02/18

"Plazan jokuak” jaia Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat da. Egun horretan parte hartzeko aurretik izena eman behar da Gaztelekuan edo Jazinto Olabe ludotekan. Izenak emateko epea bihar, ostirala, amaitzen da. Inaugurazioko joko horiek izango dira plaza urte osoan zehar erabiltzeko abiapuntu, kirolean doan jarduteko eremu.

Eibarko Udalak Zezen Plazan egin duen kirol-toki berri hori zapatu honetan bertan jarriko da martxan. Egun horretan, hango kantxa berriak inauguratzeko hainbat joko eta ekitaldi izango da; gainera, zerbitzu berri honen nondik norakoak ezagutzeko ere primerako eguna izango da zapatua.  

'Plazan jokuak' du lelotzat jaiak, eta Indianokua Gaztelekuaren eta Jazinto Olabeko ludotekaren laguntzari esker antolatu da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek parte-hartzeko pentsatuta. Hala ere, izena aurretik eman behar da leku bi horietan. Bihar, ostirala, izena emateko azken eguna.

Zapatuko ekitaldi horiek arratsaldez izango dira, 17:00tatik 19:00etara bitartean. Hona hemen umeen gozamenerako antolatu diren jokoak eta jolasak: zaku erraldoia, eskia, uztaiak, plastikozko gurpilak, sokatira, zapi-jokoa, errelebuak bikoteka edo gimkana.

Kirol-toki berri honen eraikuntza-lanak joan zen urteko azaroaren hasiera aldean hasi ziren egiten. Hona hemen han egindako lanak: aurrenik, zezen plazan hormigoizko zorua bota eta, horren ondoren, jarri eta kentzeko kirol altzariekin eratutako pista berri bi egin,  bata tenisean aritzeko eta bestea futbolean edo saskibaloian aritzeko.  Obrak Gabika SL etxeak egin ditu eta kostua 84.554 eurokoa izan da (BEZ barne).

Proiektu honen asmo nagusia Zezen Plazari beste erabilera bat ematea zen; izan ere, zezenetarako urtean pare bat egunez baino ez baita erabiltzen. Horrela, herriaren erdialdean bertan, aisialdirako eta jolaserako lekuen eskaintza handitzeaz gain, kirol praktika sustatu nahi da doako leku horretan.   

Obrak egin diren moduari esker han jarritako egiturak behar denean erretiratzeko moduan daude; horrek zezenketak edo beste ikuskizun edo ekitaldi batzuk egiteko aukera ematen du.

Udal jardunbide hau Udalak duen planetan sartzen da, hirian jolasean eta kirolean aritzeko gune irekiak egiten joateko asmoaren ildotik. Ekimen hori ordain dela urte batzuk jarri zen martxan Sautsiko (Saratsuegi) kirol kantxak egin zirenean edo Amañako dorreen ondokoak jarri zirenean. Gure herriko parkeetan ere umeentzako jokoak eta jolasak instalatzen edo berriztatzen joaten dira.