Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalbatzak aho batez onartu du "Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025."

Eibarko Udalbatzak aho batez onartu du "Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025."

Ordezkari politiko eta teknikoak Plana aurkezteko antolatu den prenstaurrekoan.

2016/09/27

Eibarko Udalak hamar urteko iraupena izango duen Eibarko Herriaren Euskararen Plan Estrategikoa egin du, herritarren eta hainbat eragileren aldetik euskararen bilakaeraren inguruko hausnarketa eta norabide partekatu baten beharra somatuta.

Eibarko Udalbatzak aho batez onartu du Euskararen Plan Estrategiko berria, hain zuzen ere, Eibarrek datozen hamar urteetan indarrean izango duena. Plan berria Eibarko Udalak herritarren eta hainbat eragileren aldetik euskararen bilakaeraren inguruko hausnarketa eta norabide partekatu baten beharra somatuta egin da, eta 2016-2025 epealdirako da.

Plan estrategiko horren bisioa, oinarri estrategikoak, helburuak, neurriak eta ekintzak zehazteko herritarren partaidetza bidezko prozesua burutu da. 2015eko azaroan hasi eta 2016ko martxoan amaitu zen EMUN enpresaren laguntzaz bideratutako prozesua. Bertan, Eibarko 40 lagun inguruk, sektore desberdinetakoak (guraso, eskola, aisialdi, kultura, kirola, enpresa, merkatari/ostalari, gazteak…), hartu dute parte. Eibarko Udaleko Euskara Batzorde Aholkularia osatzen duten zinegotziek egindako ekarpenak ere jaso dira.

Planean jasota dagoen bisio adostua honako hau da: “Eibarko gazte eta haurren eremua euskararen arnasgune izateko, inguruko agenteak saretzea eta eragile aktibo bihurtzea”. Fokoa haur eta gazteetan jartzen da, baina planaren agente eragile, ume eta gazteen ingurunea izango da, hau da, familia, eskola, aisialdia, kirola, kultura eta arlo sozioekonomikoa. Horiek guztiak aktibatzeko lan egin behar da datozen urteetan.

Hala ere, ideia eta asmo onak definitzea ez da nahikoa izaten lortu nahi dena lortzeko. Nola arituko garen galderari erantzun beharko zaio eta egoera hobetu dadin, lan egiteko moduan eta antolamenduan hobekuntzak egitea planteatzen da.

Planaren baitan hiru oinarri estrategiko landuko dira: etengabeko komunikazioa eta sentsibilizazioa; zehar-lerrotasuna udalaren jardunean eta eragileen (aisialdi elkarte, ikastetxe, guraso…) arteko saretzea. Hala, 10 urtera begirako bisioa zehaztu da, oinarri estrategikoak definitu dira, eta esparrukako neurriak eta ekintzak ere jaso dira. Horretaz gain, plan estrategikoa aurrera eramateko antolatu beharreko egitura proposamena ere egiten da.

Euskararen foroa

Euskara Batzordeak garbi ikusten du horrelako plan bat aurrera eramateko eta jarritako helburuak erdiesteko, inondik inora Udalak duen ardura alde batera laga gabe, ezinbestekoa dela Eibarko herria osatzen duten herritarrek, elkarteek eta erakundeek konpromiso sendoa hartzea. Horretarako “euskararen foroa” eraiki nahi da. Bertan, Eibarren plan horrekin neurri batean edo bestean bat egiten duten maila desberdineko kideak bilduko dira, maila pertsonalean edota elkarte edo erakunde baten ordezkari gisa parte har dezaketenak.

Euskararen foro horrek maila desberdineko lan-mahai edota foro teknikoa ere izan dezake, planaren inplementazioaz, jarraipenaz eta doiketaz arduratuko dena.

Eibarko Udalaren nahia da euskarak bizirauteaz gain, izan dezala herritarren eguneroko hizkuntza gisa garatzeko behar besteko tokia eta babesa, biziraupena bizi-indar bilakatu dadin. Horrela, egunen batean euskara Eibarren normaltasunez erabiltzeko aukera izango da, hau da, hala nahi duenak euskaraz erraz eta naturaltasunez bizitzeko aukera izango du.

Euskararen alde egindako lana

Eibarko Udalak 1988. urtean Euskara Zerbitzua sortu zuenetik, bide luzea egin da. Ordura arte, herritarrek euren gogoz, ilusioz eta kemenez, elkarteen bitartez euskararen galerari aurre egiteko eta hizkuntza berreskuratzeko (Arrate kultur Elkartea, Klub Deportiboa, Ikastola…) lan asko eginda zeuden. Orduan, Udaleko Euskara Zerbitzuaren lana eta ahalegina gehitu zitzaion. 

Ordutik hona, herrian euskararen normalizazioan lanean diharduten elkarte, erakunde eta enpresak sortu dira eta lan handia egin da.

Eibarko Udalak aurretik egitasmo dexente martxan jarri bazituen ere, 2003an, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean, EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) diseinatu eta abian jarri zuen. Orduan ere diagnostikoa partaidetza prozesu bitartez egin zen. Eibarko Udaletik planak burutzeko egitasmo eta ekintza ugari burutu dira herriko erakunde eta elkarte desberdinekin elkarlanean. Oraingo plan berri honek Eibarko herriko elkarte eta erakundeen partaidetza aktiboa eskatzen du eta Udala ere hor egongo da, bidelagun izango da.