Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak pertsona nagusiei eta haien zaintzaileei zuzendutako tailerra aurkeztu du

Eibarko Udalak pertsona nagusiei eta haien zaintzaileei zuzendutako tailerra aurkeztu du

OSI Debabarrena, Adindu eta Udaleko ordezkariak.

2016/10/13

"Nola zahartu ondo etxean" izenburupean, Gizartekintza Sailak lau saio antolatu ditu guztira pertsona nagusiek beraien etxeetan ongizatea eta bizi kalitatea izateko.

Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailak "Nola zahartu ondo etxean" tailerra antolatu du pertsona nagusientzat eta haien familiako zaintzaileentzat edo zaintzaile profesionalentzat aholkuak emateko osasunez zahartzearen inguruan. Tailerraren helburua da pertsona nagusiek beraien etxeetan ongizatea eta bizi kalitatea izatea. Hala adierazi dute gaur, hilak 13, prentsaurrekoan Idoya Sarasqueta Gizartekintza Zinegotziak, Jaione Azkue Gizartekintza teknikariak, Elena Iraolagoitia eta Sonia Ulazia Adinduko ordezkariak eta Olatz Mujika Debabarreneko OSIko ordezkariak.

Arduradunen hitzetan, "tailerra guztiz praktikoa izango da", hau da, saioetan emango diren aholkuak eta argibideak eguneroko bizitzan aplikagarriak diren adibide eta jarraibide praktikoekin batera azalduko dira. Tailerra gazteleraz izango da eta osasun eta gizarte arloko profesionalek emango dute ordu eta erdiko lau saiotan, azaroaren 8an, 14an, 21ean eta 28an, Portalean, 16:30etik 18:00etara.

Lau saio

Lehen saioa azaroaren 8an eskainiko dute "Nola zaindu gorputza" lelopean. Elikadura, loa, gorputza zainketa edota medikazioa landuko dira. Idoya Sarasquetak, Familia Mediku moduan, aurkeztuko du saioa.

Bigarren saioa azaroaren 14an izango da eta "Erorketak prebenitu" du izenburu. Aholku ezberdin emango dira jarduera fisikoa mantentzeko, ariketa praktikoak egingo dira eta erorketak nola prebenitzeko argibideak ere eskainiko dira.Olatz Mujikak, Erreabilitazio zerbitzuko medikuak, eta Arantxa Beitiak, Mendaroko Ospitaleko fisioterapeutak, aurkeztuko dute saioa.

Hirugarren saioa, "Seguru ibiltzeko" izenburupean, azaroaren 21ean izango da. Sonia Ulazia eta Elena Iraolagoitia, Adindu enpresako gerontologoak, eta Jaione Azkue eta Irune Aramburu udal langileak arduratuko dira. Egun horretan, istripuak etxe barruan eta kanpoan nola prebenitzeko aholkuak emango dituzte, baita pertsona nagusientzat dauden gizarte baliabideen eta laguntza teknikoen gaineko informazioa ere.

Amaitzeko, azaroaren 28an, Sonia Ulazia eta Elena Iraolagoitiaren gidaritzapean beste behin, "Burua zaindu eta ondo sentitu" saioa eskainiko da. Jarrera baikorra lortzeko, aldaketen aurrean egokitzeko eta aholkuak adimen aktiboa mantentzeko eta ahazteak prebenitzeko  emango zaizkie bertaratuei.

Aipatutako saioetan parte hartzeko interesa dutenek 943-708440 (Gizartekintza Saila) edo 686600843 (Adindu Gerontologia Zerbitzuak eta Elena Iraolagoitiarengatik galdetu) telefono zenbakietara deitu dezakete.