Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak modu argian eta ulerterrazean aurkeztuko ditu aurrekontuak

2017/07/28

Uda ostean martxan ipiniko den jardun honen bidez, Eibarko Udaleko aurrekontuak edonork ulertzeko moduan jarri nahi dira modu interaktiboan, ulerterrazean eta argian. Ekimena 2016-2019 Komunikazio Estrategiaren barruan kokatuta dago.

Eibarko Udala lanean ari da aurrekontuen inguruko informazioa modu irisgarriagoan eta bisualagoan aurkezteko eta, horretarako, Fundación Civioren laguntza teknikoa izango du; irabazi-asmo bariko erakundea da Civio eta teknologia erabiltzen du sektore publikoari laguntzeko bere datuak modu erangikorrean zabaltzeko herritarren artean.

Datozen asteotan aurkeztuko da Udalaren eta Civioren arteko elkarlanaren emaitza: udal aurrekontuen informazioa modu argian ikusteko web orria.

2016-2019 Komunikazio Estrategiaren barruan jasota dagoen jardun honen bidez, Eibarko Udaleko aurrekontuak edonork ulertzeko moduan jarri nahi dira modu interaktiboan, ulerterrazean eta argian, baina zehaztasun gehiago jakin nahi dutenentzako adinako informazioa ere eman.

Proiektuak aurrekontu osoa erakusten du, diru-sarrerak zein gastuak, baita aurreikusitako kopuruak eta azkenean benetan gastatutakoak ere (informazioa prest dagoen heinean). Proiektua "¿Dónde van mis impuestos?" erremintan oinarrituko da; Civiok garatu du eta Aragón Open Datak liberatu du erabilera publikorako.

Aurrekontuan sartutako gastuak ikusi ahal izango dira aplikazioan, politiken eta gastuen arabera sailkatuta hobeto ulertzeko.

Aplikazioak aurrekontuen laburpena egingo du eta sailkapen erabilerraza izango da; gastu-politiken zehaztasunak hiru talde handitan banatuta emango ditu.

Diru-sarrerak bistan

Gastuak bezala, diru-sarrerak ere azalduko dira, herritarrei azaltzeko zer garrantzi duten diru sarrerek jardun publikoan: tasak, zergak, Foru funtsa. Aurrekontuak ikusteko, ekonomiaren araberako sailkapena erabiliko da, herritarrentzako intuitiboagoa delako eta, oro har, gehiago interesatzen zaielako jakitea dirua zeren harira datorren nork jaso eta kudeatzen duen baino.