Eibarko Udalak lehenbiziko akordioa sinatu du Txontako enpresa bat Matxariara lekualdatzeko

2016/06/03
Talleres Aibe SA enpresa Matxariara joango da Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako hitzarmenak eskaintzen dizkion onurei esker. Horrela jarri da abian tailerren lekualdaketa-prozesua, Txonta eraldatu eta bizitegi-alde berri bilakatzeko bidea erraztuko duen asmoa: 235 etxebizitza babestu eta 300 etxebizitza libre jaso dira auzo hartan.

Eibarko alkateak, Miguel de los Toyos, eta Talleres Aibe enpresako ordezkariek izenpetu dute lekualdaketa-hitzarmena, gaur egun Txonta auzoan dagoen enpresa hori Matxaria Industrialdera lekualdatzekoa. Akordio hori, tailerrak Txontatik Matxariara eramateko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean 2012. urtean izenpetu zen hitzarmen haren ondorioa da. Hauxe zuen helburu nagusitzat: lanean diharduten industriak lekuz aldatzea eta tailerron enplegu-mailari eustea, eta, horren ondoren, Txonta auzoa bere onera ekartzea.  Talleres Aibe da hitzarmen onen alde onak jasoko dituen lehenengo tailerra.

Eusko Jaurlaritzaren ekarpena honakoa da fase honetan: Txontan dauden enpresak lekualdatzeko beharrezko eta egokiak diren Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzako pabiloi batzuk eskaintzea Matxariako industrialdean. Eta Udalak, bere aldetik, konpromiso hau hartzen du: birpartzelazioaren kitapenaren kontuan urbanizazio-gastuen barruan izendatzea jarduerak birkokatzeak eragindako gastu guztiak.

Eibarko Udalak denbora asko darama Txonta auzoa bere onera ekartzeko apustuaren alde egiten. Auzo hori beti izan da industria-bizitasun handiko gunea baina gaur egun gainbehera doa, tailerrek itxi dutelako edo hango negozio asko, bizitegi-eraikinekin batera zeudenak, auzotik kanpo joan direlako.  Baden jarduera lehendik garatuta dauden poligonoetara eramanda eta erabiltzen ez diren pabilioiak aukeratu eta botata,  beharrezkoak dituen zuzkidurekin eta irisgarritasun hobeago batekin, Txonta  bizitegi-auzo bilakatzea lortuko da, babes ofizialeko 235 etxebizitza eta 300 etxebizitza libre jasota.

Talleres Aibe, Matxariara joateak dauzkan alde onak jasoko dituen lehendabiziko enpresa, Gisastu kaleko orube batean aurkitzen da, Txonta auzoaren sarreran. Gaur egun lanean dihardu, mekanizatu bereziaren eta tresneria fabrikazioaren arloan, eta 30 langile ditu.  Enpresak, Udalarekin sinatu duen Hitzarmenak jasotzen duen bezala, Txonta eremutik lehenbailehen irten beharra du: han ez dauka leku nahikorik, eta geroratu ezinezko beharra du enpresa zabaltzeko, premiazkoa baitu bere ekoizpen-ahalmena merkatura egokitzea.

Sinatu den Hitzarmen honekin aurreneko pausua eman da  Udalak Txonta goitik behera eraldatzeko eta bere onera ekartzeko dituen planak aurrera eramateko. Aspalditik dabil Udala ekimen hori lantzen, baina asmo horrek aurretik auzo horretan dauden tailerrak beste leku batera eramatea eskatzen du.

Udalak adore eman nahi die gaur egun Txontan biharrean jardun eta lekuz aldatzeko gogoa duten enpresei Udalarekin hartu emanean jartzeko, eta Udala bera izango da Visesari (Eusko Jaurlaritzari atxikitako sozietate publikoa) asmo hori helaraziko diona, izan ere, duela gutxi hitzarmen bat izenpetu baitute erakunde biek asmo hori gauzatzeko. Visesarekin egindako hitzarmenaren ondorioz, alde batetik, Visesak  aholkularitza eskainiko dio Udalari aipatutako hirigintza-tresnak izapidetzen, ezarritako jarduketa-sistemaren bidezko kudeaketan eta urbanizazioa egikaritzean. Eta zerbitzu horiez gain enpresekin hartu-emanean jartzen ere bai, haien premiak zeintzuk diren ikusteko eta lekualdaketarenarekin aurrera egiteko. Urte honetako uztailetik irailera bitartean egingo dira hartu-eman horiek, eta hor sartuko dira baita, bizitegi-lekualdaketa behar duten pertsonak ere.