Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak inbertsio berriak egingo ditu hiriko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Eibarko Udalak inbertsio berriak egingo ditu hiriko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Iturburu ikastola.

2016/05/09

Lizitazioan atera da Iturburu Ikastolako aldagelak berriztatzea eta ludoteka izateko egokituko den Jazinto Olabeko lokal bat eraberritzea. Jarduketa horien helburua da Eibarko ikastetxe publikoak mantentzeko eta hobetzeko lanak sustatzea, kalitatea eta ikasleen ongizatea areagotzeko.

Laster jarriko da abian berriztatze- eta hobetze-plana Iturburuko Juan Antonio Mogel ikastolaren instalazioetako aldageletan, Eibarko Udalak obra lizitazioan atera ostean. Jarduketak esparruko aldageletako biri eragingo die; horretarako, obra 123.945 euroan atera da lehiaketan (149.974 euro, BEZa barne).

Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da, eta asmoa da, adjudikatu ondoren, ikasturtea amaitzean has ditzala lanak horiek egitea egokitu zaion enpresak. Lanak egiteko epea hamabi astekoa da; beraz, aldagelak berriztatuta egongo dira eskola-oporretatik bueltan, eta obrek ez dute interferentziarik egingo ikastolaren jardueran.

Berriztatu beharra duten aldagela zahar bitan egingo dira obrak. Instalazio horiek dutxatzeko erabiltzen dituzte ikasleek gimnastika-eskolen ostean. Aldagelak erdisoto mailan daude, ikastolaren patioaren azpian, eta patiotik ura sartzen zaie; horregatik, iragazgaizteko jarduketa bat dago proiektuaren barruan.

Honako lan hauek egingo dira instalazioak berriztatzean: estaldurak eraistea, elektrizitate-instalazio berria, aireberritze artifiziala eta  berokuntza jartzea, eta estaldura, aparatu sanitario, txorrota eta dutxa berriak jartzea. Gainera, patioko zolata eraitsiko da. Ura sartzearen arazoari amaiera emateko, estaldura estanko bat jarriko da, ura puntu batera eroateko, eta puntu horretan drainatze-sistema batek horiek bildu, eta saneamendu-sarearen bidez aterako ditu. Eta, azkenik, fatxada garbituko da.

Jarduketa hau sartuta dago Eibarko ikastetxe publikoak mantendu eta hobetzeko lanak sustatzeko udal-planetan, kalitatearen, eta ikasleen ongizatearen onerako, zeinek inbertsio garrantzitsuen bidez apustu egiten baitute ikastetxeen instalazioak hobetzeko.

Jazinto Olabeko ludoteka

Halaber, lizitazioan atera da Jazinto Olabe 1eko lokal bat eraberritzeko obra, lokalean ludoteka bat prestatzeko. Lizitazioaren aurrekontua 146.904 eurokoa da (177.754 euro, BEZa barne), eta, Iturburuko obraren lizitazioan bezala, maiatzaren 31n amaituko da eskaintzak aurkezteko epea.

Lokala Jazinto Olabe kalean dago, beheko solairuan; 145 bat metro kuadroko azalera dauka, eta garai batean eskolaurrea izan zen. Lokala zatitzen du sarbideko atariak; horretara Jazinto Olabeko plazatik sartzen da.

Aurreikusitako eraberritzearen bidez, lokalaren baldintza termikoak hobetu nahi dira; horretarako, isolatzaile termiko bat sartuko dute fatxadaren barruan, eta oraingo leihoen ordez ezaugarri eta beira hobeak dituzten beste batzuk jarriko dira. Horretaz gain, lokalerako irisgarritasuna hobetuko da, sarreran koska bat dago eta. Ur-sarea, komunak, saneamendua eta elektrizitate-instalazioa ere hobetuko dira.

Barneko zatiketak egiteaz gain (komun berriak, gelak, bulegoa eta biltegia prestatzeko), lokalaren bi fatxaden baldintza termikoak ere hobetuko dira eraberritzearekin.

Laburbilduz, eraberritze-obrarekin, lokala birbanatuko da ludoteka-funtziora ondo egokitzeko; hala, bi gela, sukalde bat, biltegi handi bat eta lau komun berri egingo dira (komun berrietako bi ezintasuna duten pertsonentzakoak izango dira).