Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak hobekuntza nabariak egin ditu udal webgunean

2015/06/04

Azala edo orrialde nagusiak batzen ditu nobedaderik aipagarrienak edukien banaketa berriarekin. Helburu nagusia da argitaratutako informazioa modu errazean eta ulergarriagoan erakustea. Bestalde, ‘Eibarko Udala’ izenburupean, kontu ofizialak sortu dira Facebook eta Twitter sare sozialetan.

Eibarko Udalak hobekuntza nabariak egin ditu udal webgunean (www.eibar.eus), argitaratutako informazioa modu errazean eta ulergarriagoan erakusteko asmoz. Modu horretan, azala edo orrialde nagusiak batzen ditu berritasun nagusienak edukien banaketa berriarekin. Alde batetik, ‘Albisteak’ izeneko atala da aipagarri, eduki luze eta landuagoak biltzen baititu, eta, bestetik, ‘Laburrak eta abisuak’ atalak beste mota bateko albiste laburrak eta oharrak aurkezten ditu, hala nola, hautaketa-prozesuen deialdiei buruzkoak edota udal tramiteenak.

Bestalde, ‘Agenda’ eta ‘Bideoak’ atalek ere protagonismo nabarmena dute, portada nagusiko goialdean kokatuta baitaude, eskumaldean. Azken datuen arabera, bi atal horiek dira bisitari gehien izan dituztenak azken urtean.

Kultura eta Gardentasuneko atalen sorrera

Aipatutako aldaketez gain, hurrengo asteetan bi atal berri jarriko dira martxan udal webgunean. Hasteko, kulturako mikrositea sortuko da udaleko kultur eragileak batu –Portaleko Kultur Etxea, Juan San Martin Liburutegia; Margo, Zeramika eta Musika eskolak; Udal Euskaltegia; Coliseo Antzokia eta Arrateko Aterpetxea, besteak beste-  eta euskara, kultura eta gazteriaren arloetan gauzatzen diren gaien berri emateko helburuarekin.

Gainera, beste berrikuntza nagusietako bat gardentasunaren atalaren sorrera izango da. Helburua da Udalaren jarduerari buruz informazio osoa, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea. Modu horretan, herritarrek gai askotariko datuak eskuragarri izango dituzte, besteak beste, erakunde, antolakuntza eta plangintzari buruzkoak edota ekonomia, aurrekontu eta estatistiken ingurukoak. Horrela, herritarren eta Udalaren arteko elkar harremana hobeagoa izatea lortuko da, eta herritarren konfidantza areagotzea ere bai.

Presentzia Sare sozialetan

Udal webgunea moldatu eta hobetzeaz gain, ‘Eibarko Udala’ izenburupean, Udaleko kontu ofizialak sortu dira Facebook eta Twitter sare sozialetan, Interneten presentzia handiagoa izan eta Udala hobeto posizionatzeko helburuarekin. Plataforma horietatik, udal webgunean egiten diren publikazioen berri emango zaie erabiltzaileei, eta, horrez gain, udal sailekin, enpresekin edo erakundeekin zerikusia duten beste hainbat eduki ere kaleratuko dira. Herritarren parte-hartzea, eta erakundearen eta erabiltzaile ororen elkarrekintza nahitaezkoak izango dira sareen funtzionamendu onerako.