Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak hainbat neurri hartu ditu Sanjuanetan gehiegikeriarik egin ez dadin

2015/06/15

Kanpaina bi egingo ditu: bata, alkohol gehiegi edatearen kontrakoa, eta bestea, adikzioei buruzko informazioa ematekoa.

Sanjuan jaietan Eibarko Udalak kanpaina batzuk martxan jarriko ditu jaietan egiten diren gehiegikerien kontra. Jai egunotan, herriko taberna guztiek pegatinak banatuko dituzte TRONPATU BARIK lelopean, baita erabili eta botatzeko alkoholimetroak eta alkohol larregi ez edateko kartulinazko erregela moduko batzuk ere, informazioa ematekoak.

Aurreko urteetan egin duen bezala, Udalak aurtengoan ere lehiaketa bat egin du alkohola neurriz hartzeko informazioa ematen duen pegatina aukeratzeko. Aurten, 4 lan izan dira aurkeztu direnak, eta, horien artean, lelo hau daramana aukeratu da: TRONPATU BARIK. Egilea Amaia Ajuriagerra eibartarra da. Pegatina edo eranskailu hori herriaren erdialdeko tabernetan eta kafetegietan banatuko da; baita Eibarko txosnetan eta elkarte gastronomikoetan ere.

Beste bi ekimen

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin elkarlanean beste bi ekintza hauek ipini dira martxan: “BETE ZAITEZ, BAINA EMOZIOZ!” lelopean, hiriko tabernek eta txosnek erabili eta botatzeko alkoholimetroak banatuko dituzte, doan. Horrela, edaten dutenek, odolean duten alkohol tasa zein den jakiteko aukera izango dute, eta emaitza txarra bada, ez dute autorik hartuko eta gutxiago edango dute. Kanpainaren inguruko posterrak eta informazio-erregelak ere banatuko dira.

Informazioa emateko estalpeak ere jarri dira; aurrena, joan den zapatuan, ekainaren 13an, Untzaga plazan. AI LAKET elkarteak ipini zuen eta adikzioei eta kontsumoei buruzko informazioa ematekoa zen.  Eta, datorren zapatuan, ekainaren 20an, gau-erditik goizaldera (00.00-03.30) alkohol gehiegi edateari buruzko informazio-estalpe bat egongo da Untzaga plazan, eta alkoholemia frogak doan egingo dira han bertan. Horren ardura SASOIA elkarteak izango du.