Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak gurasoentzako beste bi saio antolatu ditu 'Gurasoak Martxan' programaren barruan

2016/04/28

Otsailean eta martxoan izan ziren lau hitzaldien arrakasta ikusita, Gizartekintza Sailak beste bi saio antolatu ditu. ‘Gurasoak Martxan’ programaren helburua da gurasoei informazioa ematea, seme-alabekin sortzen zaizkien egoerei aurre egiteko.

‘Gurasoak Martxan’ Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak sustatutako programa bat da, seme-alabekin sortzen zaizkien egoerei aurre egiteko behar duten informazioa gurasoen esku jartzeko. Ekimen horren barruan beste bi saio antolatu dira; horietako bat gaur, apirilak 28, izango da.

Aurtengo edizioari otsailean ekin zitzaion. Orduan gurasoentzako bi hitzaldi izan ziren eta ondoren, martxoan, beste bi antolatu ziren. Lau hitzaldi haiek prestatu zirenean ere aipatu zen topaketa gehiago egiteko aukera, beti ere, aita-amek emandako erantzunaren arabera.

Hala, eta izandako harrera bikaina izan dela ikusita, Gizartekintzak beste bi topaketa antolatu ditu. Lehenengoa gaur izango da, 18:00etan, Portalean (bigarren solairuan), eta bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta dago. Gaia izango da ‘Lagunen arteko harremanak nerabezaroan’ eta honako hauek landuko dira: ‘Lagunen beharra nerabezaroan’, ‘Generoa, dibertsitatea eta berdinen arteko harremanak’ eta ‘Taldearen presioa’.

Bigarren saioa maiatzaren 3an izango da. Hori ere Portalean, 18:00etan. Gaia ‘Portaera egokiak haurtzaroan’ eta hartzaileak haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleen gurasoak. Honako gai hauek landuko dira: ‘Heziketa-jarraibide lagungarriak’, ‘Ikasteari buruzko kontuak: ikastetxea-familia’ eta ‘Gatazken konponketa’.

Topaketa hauetan parte hartzeko, interesatuek seme-alabak dabiltzan ikastetxeetan bertan eman behar dute izena, ‘Gurasoak Martxan’ programa Eibarko AMPAS Guraso Elkarteen eta Baikara Gipuzkoako Gurasoen Federazioaren lankidetzarekin antolatzen da.

etiketak: Gurasoak Martxan