Eibarko Udalak Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ezagutzera emateko sortutako proiektuak aurkeztu ditu

2016/04/22
Udalak aplikazio berria sortu du. Bertan, audio-gida, bideoak, testuak, argazkiak, mapa eta bisitarientzako argibideak aurkituko ditu erabiltzaileak. Informaziorako Roll-up-ak eta esku txartelak ere aurkeztu dira.

Eibarko Udalak 2015. urte hasieran irekitako Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa bultzatu eta ezagutarazteko asmoz sortu diren proiektu berriak aurkeztu dira Udaletxean.

Urte honetan zehar, Zentrora nahiz Koloniara hurbiltzen diren bisitari zein herritarrentzat erabilgarri diren hainbat proiektu jarri dira martxan. Horien artean, nagusiena da, Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa eta horren inguruan identifikatuta dauden kanpo ibilaldiak aurkezten dituen Gida/app-a. Bertan, audio-gida, bideoak, testuak, argazkiak, mapa eta bisitarientzako argibideak aurkituko ditu erabiltzaileak. Behin deskargatuta, aplikazioak ez du behar Interneteko konexiorik. Gerra Zibileko ‪Eibarko Frontearen aplikazio berria erabiltzaileentzat eskuragarri dago dohainik App Storen eta Google Play-en. Gida horri esker, Gerra Zibila Eibarko Sektorean zer izan zen sakondu ahal izango da.

Aplikazio hau Eibarko Udalak sortu du Gerra Zibila Eibarren Interpretazio Zentroa ezagutzera eman eta, 1936ko irailetik 1937ko apirilera bitartean, zazpi hilabetetan, gertatutakoaren berri emateko. Gidan Arrateko leku adierazgarriak eta Gerra Zibila Eibarren Interpretazio Zentroa bisitatzea proposatzen da. Bertan, 1936ko irailaren amaieratik 1937ko apirilaren 26ra, Frankoren tropak Eibarren sartu ziren egunera arte, izandako borrokaldietako funtsezko elementu ugari ikus daitezke.

Zentroan bisitatu daitekeen erakusketaren helburua da Eibar inguruko mendietan egin ziren borrokaldi bortitzak eta bizi izan ziren gertaera latzak gogora ekartzea. Kanpoko ibilbidean hurbileneko informazio-panelera gerturatu, adierazten den botoian sakatu eta QR kodea eskaneatu edo panelaren zenbakia sar daiteke. Gidak azalduko dio erabiltzaileari non dagoen, zein interes gunetan. Halaber, ibilbidean zehar dauden paneletako informazioa osatuko dio herritarrari, gertatutakoaren berri ematen duten argazki eta audioen bidez. 

Informaziorako roll-up berriak eta esku txartelak

Bestetik, eta Interpretazio Zentroaren promozioko lan ildo honi jarraituz, Eibarko Hotel Untzaga Plazan zein Armagintzaren Museoan ikusgai egongo diren informaziorako roll-up berriak egin ditu Udalak. Interpretazio Zentroa herria bisitatzen duten turistei ezagutaraztea dute helburu, bertara iristeko zein ordutegiei dagokien informazio praktikoa eskainiz. Zabalkunde hau osatzeko Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa aurkezten duten esku txartelak argitaratu ditu Udalak, eta ekipamenduaren inguruko informazio praktikoa aurkitu daiteke bertan.

Informazio gehiago nahi izanez gero SAKATU HEMEN. 

Eibarko Udalak Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ezagutzera emateko sortutako proiektuak aurkeztu ditu

Irudian (ezkerretik eskumara), Patxi Lejardi, Kultura eta Euskara zinegotzia; Eneko Uriarte, Alambre Estudio enpresatik eta José Luis González, Kultura teknikaria.