Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak euskararen erabilera arautzeko konpromisoa hartu du

2013/12/03

Gaur abenduak 3, Euskaren nazioarteko egunean, Eibarko Udalak euskararen erabilera arautuko dituen ordenantzak onartzeko prozesuari ekiteko konpromisoa hartu du, araudi berria 2014ko Euskararen egunerako onartuta egongo delarik.

Eibarren 2009an hasi ginen Euskararen Eguna herri mailan ospatzen. Urte hartan Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuen jendaurreko irakurketa egin zen. Ordutik, hainbat izan dira antolatu diren ekitaldiak: Kantu kantari kalejira, Mintzodromoa eta iaz, Toribio Etxebarriaren jaiotzaren 125. urteurrena zela-eta, berak idatzitako Flexiones verbales y Lexicon del euskera dialectal de Eibar lanaren jendaurreko irakurketa.

 Aurten, Euskararen Nazioarteko Egunean, EUSKARARI AURPEGIA JARRI DIOGU Udaletxeko patioan.  Goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 19:30ak bitartean, parte hartu nahi izan dutenei argazkia atera zaie mosaiko erraldoia osatzeko, guztira 1.500 lagun inguru hurbildu direlarik. Udalak eskerrik beroena helarazi nahi die antolatutako ekimen honetan parte hartu duten eibartar guztiei, eta gizarte, kultura, kirol eta irakaskuntza arloetako elkarte eta taldeei euren laguntzagatik.

Euskararen Eguna gogotsu ospatu dugu gaur eibartarrok. Euskara maite dugula eta Eibarren euskaraz bizi nahia dugula nabarmen geratu da gaurkoan. Eibarko Udalak nahi horrekin bat egiten du eta, aurrera pausoak emateko Udalarekin elkarlanean dabiltzan herriko eragileei babes guztia eskainiaz, bide hori erraztu nahian zera dio:

 Gaur, 2013ko Euskararen Egunean, Eibarko Udalak euskararen erabilera arautuko dituen ordenantzak onartzeko prozesuari ekiteko  konpromisoa hartzen  du, araudi berria 2014ko Euskararen egunerako onartuta egongo delarik.