Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak elkartasuna agertu die Saharako errefuxiatuei kanpamenduetan bizi duten egoera latz eta larri honetan

2015/11/10

Udalak 2.000 euroko larrialdi-laguntza bat eman du, Eibar-Sahara Elkartearen bitartez bideratu duena. Tinduf-eko kanpamenduetan izandako euri-jasa etengabeek sekulako kalteak egin dituzte 3000 bizilekutan; 25.000 errefuxiatutik gora dira kaltetutakoak.

Eibarko Udalak 2.000 euroko larrialdi-laguntza ematea erabaki du, Aljeriako Tinduf-eko kanpamenduetan Saharako errefuxiatuak bizi izaten ari diren egoera latz hori nolabait leuntzearren. Joan zen urriaren 17an euri-zaparrada handiak botatzen hasi zirenetik, egunak joan eta egunak etorri, hango euri-jasek ez dute etenik izan, eta 3000 bizileku eta lasto-buztinezko jaima zeharo kaltetuta geratu dira, 25.000 errefuxiaturi baino gehiagori eraginez.

Errefuxiatuei,  etxerik edo bizitokirik gabe uzteaz gain, zuten guztia kendu diete uholdeek: etxeko altzari denak, janariak, arropak eta gainerakoak.

Hango agintariek nazioarteari laguntza eskatu diote eta elkartasun deia luzatu. Eibarko Udalak kasu egin dio dei horri eta aparteko diru-laguntza bat eman du, Eibar-Sahara Elkartearen bitartez bideratuta.

Era honetan Udalak hondamendi natural horren ondorioak leuntzen lagundu nahi du, eta zer horretan herritarren laguntza ere beharrezkoa begitantzen zaio, ahal dutenek eta nahi dutenek, Saharako kanpamenduei laguntzeko dauden elkarteen bidez eta dirua batzeko ipini diren beste kanal batzuk erabilita, sahararrek behar-beharrezkoak dituzten artikuluak edo gauzak eman ditzaten.

Laguntzak gerrako errefuxiatuentzako eta Nepalerako

Gertakarien laztasunak hala egitea eskatu izan diguten aurreko guztietan bezala, aurten ere Eibarko Udalak laguntzak eman ditu azken hilabete hauetan izandako giza hondamendietan.

Horren haritik esan behar da joan zen irailean Eibar izan zela Euskadiko lehenengo hiria errefuxiatuak hartzeko prest agertu zena; Udalak 2000 euroko laguntza eman zuen hartan, larrialdi-laguntza, Mediterranioan izandako migrazio-krisiari erantzun nahian, Siria, Irak, Afganistan eta Afrikako beste hainbat herrialdetatik, gerratik eta bortizkeriatik ihesian datozen milaka pertsona horien migrazio-krisiak.

Apirilean ere, Nepalen izandako lurrikara handi haren ondoren —7,9 gradu Richter eskalan,  2000 hildako baino gehiago utzi zituena eta herrialde hura egoera ezin penagarriagoan lagata— 3000 euroko laguntza eman zuen Udalak, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuta.