Eibarko Udalak "Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina ipini du abian

2016/10/04
Kanpainaren helburua da herritarrak gonbidatzea Udalarekin dituen harremanetan euskara erabiltzera. Jose Antonio Azpilikuetak egin duen biñetarekin adierazi nahi da Udala prestatuta dagoela herritarrei zerbitzua euskaraz emateko.

Eibarko Udalak Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular! kanpaina jarri du martxan. Euskara sailetik abian ipini den kanpaina berriaren helburu nagusia da herritar oro gonbidatzea Udalarekin dituen harremanetan euskara erabiltzera. Jose Antonio Azpilikueta eibartarrak egin duen biñetarekin adierazi nahi da Eibarko Udala prestatuta dagoela herritarrei zerbitzua euskaraz emateko eta hala nahi duen herritarrak bere gestioak euskaraz egin ahal izango dituela.

Eibarko etxeetara bidali da esku-orri bat kanpaina azaltzen duena. Irudia Azpilikuetak egindako biñeta bat da. Biñetan Supermendikute eta Ebarista pertsonaia ezagunek eibartarrak gonbidatu nahi dituzte euskara erabiltzera Udalarekin dituzten harremanetan. Erantsita iman bat ere jaso dute herritarrek, hozkailuan jartzen diren horietakoa. Guztira, 13.500 txartel eta iman egin dira Eibarko etxe guztietan banatzeko. Kanpainaren aurrekontua 8.000 euro ingurukoa izan da.

Leloan erabili den Erregular berba oso esamolde erabilia izan da Eibarren eta hauxe esan nahi du: Bai horixe! Jakina! Jose Antonio Azpilikuetari kanpainarako irudia egiteko proposatu zitzaionean honako ideia hau okurritu zitzaion: “Antxiñako txikiteroak esaten eben moduan: - Beste txikitoren bat hartuko juau? - (Preguntatzia be). Erregular! Azpilikuetak, halaber, honakoa adierazi du: “Erregular erderakadia asko gustatzen jata, eibartar peto petua! Ez dakit aproposena izan leikian, baiña kanpainarena entzun orduko urten jatan”. Azken finean, geure-geurea den berba hori erabilita, gainera, astindu nahi da pixka bat bertako euskara: geure altxorra da eta denon ardura zaindu eta gordetzea.

Aspalditik zeukan Eibarko Udalak gogoa herritarrak udalarekin dituen hartu-emanetan euskaraz egitera gonbidatzeko kanpaina egitekoa; izan ere, udalean lan asko egin da orain dela 30 urte erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen erakundea euskaraz zerbitzua emateko moduan jartzeko. Horregatik jakinarazi nahi zaie herritar guztiei euskaraz egiteko aukera dutela udaletxeko bulego edota zerbitzuetara jotzen dutenean.

Bikain, Euskararen Ordenantza eta Plan Estrategikoa

Bide batez, kanpaina aprobetxatu nahi da jakitera emateko Udalak Bikain euskararen ziurtagiria lortu zuela 2015ean, onartuta duela Euskararen Ordenantza eta martxan jarri dela “Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025”.

Eibarko Udalak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu zuen 2015eko abenduan. Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta Eibarko Udalean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatu dituena.

Horrez gain, Eibarren Euskararen Erabilera Arautzeko Udal Ordenantza indarrean da. Udalbatzak 2015eko martxoaren 30ean eman zuen ontzat baina Estatuko Administrazio Orokorrak errekurritu egin zuen eta 2016ko ekainaren 6an jaso zuen Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia. Horren arabera, ordenantza indarrean da, baina 10, 14 eta 15 artikuluak deuseztu zituen.

Aurreko lerroetan aipatutako Bikain ziurtagiria eta Euskararen ordenantzaz gain, Eibarko Udalak, pasa den astean prentsaurrekoan ezagutzera eman zuen moduan, hamar urteko iraupena izango duen Eibarko Herriaren Euskararen Plan Estrategikoa egin du, herritarren eta hainbat eragileren aldetik euskararen bilakaeraren inguruko hausnarketa eta norabide partekatu baten beharra somatuta.

Eibarko Udalak "Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina ipini du abian

Kanpainaren irudia.